Euskara, integraziorako tresna Osintxun

Julen Iriondo 2014ko uzt. 10a, 16:00

Jatorri afrikarreko osintxuarrak, plazan.

"Alemaniarrak, txiletarrak, pakistandarrak, marokoarrak, argentinarrak, portugaldarrak..."; Osintxuk nongo bizilagunak dituen galdetuta, auzokoa den Erik Cuevasek egin digun zerrenda da. Guztira 500 eskas izan, eta 97 dira, erroldaren arabera, etorkinak; proportzioa are gehiago handitzen da, Osintxun, kalean bizi direnak bakarrik kontuan hartuz gero.

Eta zerrenda horretan daude, baita ere, senegambiarrak –eurei hala gustatzen zaie esatea, Senegal eta Gambia herri bera omen ziren-eta garai batean–. Senegambiar horietako bat da Saliu Coma, Euskal Herrira 2008an iritsitakoa, azken bost urtean Osintxun bizi dena –aurrez Angiozarren egin zituen sei hilabete–. "Osintxuarra eta euskalduna, afrikar euskalduna" dela dio. Euskalduna da, bai, euskal hiztuna.

Azterlanaren ondorioak 

Dagoen etorkin kopuru handia kontuan hartuta, Osintxun ekimen bat jarri dute martxan, auzoan bizi diren guztiek elkar ezagutu dezaten errazteko, elkarbizitza lantzeko. Aniztasuna ezaugarri duen taldetxoa sortu, eta ekintza-plana prestatu dute, elkarren artean azterlan bat egin eta gero: "Gauza batek asko harritu bagaitu, izan da euskararen kontuak. Bileretan galdetzen zenuen, jatorri oso desberdinetako jendea egonda, ea nork ez zekien euskaraz, eta agian bakarra zegoen. Ikusten da, jendea hona datorrenean, eta baita herritarren harreragatik ere, beraiek jarrera hori hartzen dutela"; euskara ikastekoa, alegia, Bergarako Udaleko Ongizate saileko teknikari Idurre Amozarrainek dioenez. 

Saliu Comak euskara eta gaztelera "gauza bera" zirela uste zuen hona iristean; laster jabetu zen ezetz, "euskara hizkuntza berezia dela".

"Jendearekin hartu-emana errazteko, pentsatu nuen euskaltegian hastea. Lehenengo urtean saiatu nintzen egunero euskaltegira joaten, eta lortu nuen euskara ikastea, baita kalean jendearekin hitz eginez ere. Gero, erdaraz ere ikasi dut. Baina gaur egun, jendeak euskaraz egiten du berba nirekin askotan, eta nik ere ohitura dut beti euskaraz egiteko. Asko maite dut euskaraz berba egitea"; hala dio. 

Eta horrek lagundu du kanpotik etorritakoen eta bertakoen arteko harremanean, Erik Cuevasen arabera: "Saliu etorri zenean, adibidez, hasieratik kalean euskaraz, eta horrek asko errazten ditu gauzak". Eta Saliu ez da, esan bezala, salbuespena: "Nire bizilagunak ez daki euskaraz, baina beti euskaraz egiten dit: 'Kaixo', 'Agur'... Ez jakinda ere...", jarrera baikorra.

Azkenean, "ikusten dutena, entzuten dutena" egiten dutela dio Cuevasek: "Osintxun euskaraz nahikotxo entzuten da; adin bateko mutikoak daude erdaraz asko egiten dutenak, baina 5-8 urteko mutiko denek, kanpokoek eta bertakoek, euskaraz egiten dute; gazteok ere euskaraz egiten dugu. Beraz, eurek ere, etortzen direnean, esaten dute: 'Hemen Osintxun, lagunak egiteko, onena euskara da".

Eta horretaz ohartuta, haien jarrerak pozten ditu bertakoak: "Ikustea kanpoko batek nola egiten duen bultza zure hizkuntzagatik...", dio osintxuarrak –betidanik bertako izan denak–; ulergarria, Saliu Comarentzat: "Normala da; adibidez, hemendik joango balitzateke baten bat Senegambiara eta ikasiko balu gure hizkuntza, gu ere poztuko ginateke. Horregatik esaten diet kanpotik datozen lagunei euskara ikas dezaten".

Euskara gaztelera baino zailagoa zela uste eta, ikastea beharrezko zuelakoan, hargatik eman zion lehentasuna Comak euskarari. Eta hizkuntza bat gehiago, ze zortzitan bada moldatzeko gauza: "Guk badugu gaitasuna, Afrikan ere hizkuntza ugari hitz egiten ditugulako. Afrikar askok dakizkigu hango bizpahiru hizkuntza". Alemanierarekin ari da orain, baina euskara hobetzeari uko egin gabe; ipuinak eta liburuak omen ditu etxean: "Askotan irakurtzen dut euskaraz".

"Jendea baldin baduzu..." 

Argi dago; Osintxun, Osintxun behintzat bai, euskara integraziorako tresna da: "Afrikako bat etortzen zaizu euskaraz, eta berarekin berbetan geratzeko beste zerbait ematen dizu". "Lau aldiz errepikatu behar badiot ere, berdin dit", gehitzen du Cuevasek.

Eta –besteak beste– hizkuntza bidezko integrazio honek, zeharkako beste hainbat onura ere baditu, aipatzen ari garen zuzenekoez gaiz, guztientzat: "Beste kultura batetik asko ikasten da. Lagunak irabazi, eta herriari bizitza ematen dio: integratzen badira, jendea ez da joango Soraluzera edo Bergarara".

Osintxuarrak, Osintxun; Saliu Coma ere bai: "Ni osintxuarra naiz, bai. Eta euskalduna, afrikar euskalduna. Europan Euskal Herria bakarrik ezagutzen dut, eta euskaldunak. Ikusi dut nola bizi diren, eta gustatzen zait. Uste dut bertan bizi izateko leku aproposa dudala; hemengo jendearekin oso ondo moldatzen naiz, eta hori garrantzitsua da. Jendea baldin baduzu, dena daukazu".

----------

Hizkuntzak ere kontuan, elkarbizitzarako ekimenean

Kanpotik etorritako pertsonak auzoan asko zirela-eta, egoera berria ondo kudeatu nahian, Bergarako Udalera jo zuen Osintxuko Herri Batzarrak. Emunekin batera koordinatuta, parte-hartze prozesua prestatu zuten, eta bilerak egin dituzte jatorriz bertako zein kanpoko osintxuarrekin, denek batera. Hortik sortu da taldetxo bat, eta ekintza-plan bat, helburu izango dutenak auzotar guztien arteko elkar-ezagutza hobea eta elkarbizitza.

Antolatu dituzte, besteak beste, bateko eta besteko kultura adierazpen saioak, eta tartean garrantzia emango diete hizkuntzei ere; honela, asmoa daukate, adibidez, antolatzeko Berbalagun moduko ekimen bat, euskaldun zaharrak eta ikasten ari direnak batu eta ikasten ari direna praktikan jar dezaten: "Jendea prest dago parte hartzeko", zioen Herri Batzarreko Aitziber Alberdik.

----------

Ainara Aldazabal (Emun): "Osintxun, etorri berriak sentitzen du auzoko bizitzarako giltza dela euskara"

Emun Kooperatiba da elkarbizitzarako Osintxun duten ekimenean diharduten eragileetako bat.

Baieztatu daiteke euskara integraziorako tresna dela Osintxun, ezta? Osintxun jatorri aniztasuna hain handia izanik, argi dago horrenbeste kultura, bizi izateko kode, erlijioren artean, euskarak eta euskal kulturak jatorri ezberdinekoen arteko zubi-lana egin dezaketela eta egiten dutela. Osintxun, bertako komunitatea euskaraz bizi da nagusiki, horrela transmititzen dute, eta etorri berriak sentitzen du euskara auzoko bizitzarako giltza dela. 

Baita gaztelera euren hizkuntza duten etorkinek ere. Osintxun duela sei urtetik bizi den argentinar mutilak euskaraz ikasi du; madrildarra den beste gizon batek ere bai, eta auzotarrei eskatzen die berari euskaraz egiteko. Egia da gaztelaniaz jakinda komunikatzeko tresna badutela; oinarrizko komunikazioa bermatzen die horrek, eta ikuspegi instrumentaletik nahikoa izan daiteke. Baina Osintxu bezalako auzo euskaldunetan, badakite gaztelaniarekin ezin direla nagusiki euskaraz den auzo-bizitzan integratu. 

Etorkinen jarrera eta bertakoena, biak dira, beraz, garrantzitsuak. Osintxuarrek euskara euren hizkuntza natural moduan erabiltzen dute. Komunitatea euskalduna izanik eta kanpotik datozenei euskara naturaltasunez, bertako hizkuntza bezala, agertzen zaienean, eta gainera erraztasunak eskaintzen zaizkienean –Auzoko programa edo Berbalaguna, adibidez–, etorri berriek ulertzen dute euskarara hurbilduta auzotarren munduan sartzen direla, auzotarrak baloratu egiten duela eta berari mundu oso bat zabaltzen zaiola.

Hala ere, orokorrean, ohikoa da etorkinei lehen hitza erdaraz egitea. Zergatik gertatzen da? Portaera hori ikasi egin dugu gure aurrekoengandik eta oso barneratuta daukagu: ezezagunaren aurrean gaztelaniara pasatzea, etorkinaren aurrean, leku berri batera goazenean, azkar pasatzen gara gaztelaniara euskara albo batera utzita. Badu azalpena; urte batzuk atzera eginez gero, euskaraz egitearen zigorra oso esplizitua zen. Gaur egun, sotilagoa da zigorra, baina horrek guztiak euskaldunon portaera eragiten du; esan dezakegu, euskararekiko gure portaera aztertuz, menpeko linguistikoak garela. Portaera aldatu beharra dugu, euskaraz naturaltasunez, eroso, lasai biziz, eta aurrean daukagun ezezagun edo etorkinari lehen hitza euskaraz eginez, horrela euskara beretzako ere badela esaten ari baikara. Hori lantzen dugu Emun Kooperatibako hausnarketa saioetan, ETM! eta TELP tailerretan, adibidez.

Etorkina euskaraz saiatu, baina zailtasunak ikusita guk erdarara jotzea ere sarri gertatzen da; akatsa. Euskaraz egiten saiatzen ari dena, ahalegina egiten ari da; aurretik, ikasteko ahalegina egin du, eta pertsona horrek euskaraz egiteko espazio oso gutxi izango ditu ziurrenik. Euskaraz egiteko espazioak irabazi egin behar ditu. Bera bere aldetik saiakera egiten ari bada, hori baloratu egin behar dugu eta ahalegin horretan lagundu. Ahalegina egitea baloratu egin behar dugu, eta baloratzen dugula erakutsi, aldi berean, bere motibazioa indartuz. Euskaraz egiteko espazioak eskaintzen lagundu behar diogu.

----------

Babu Ndong (Senegambia / Osintxu)

"Sei hilabete daramatzat Euskal Herrian, bizitza hobearen bila etorrita. Lauzpabost hizkuntza egiten ditut. Euskara hobeto ulertu nahi dut. Saiatzen gara goazen leku horretako hizkuntza ikasten, jendearekin komunikatzeko. Bizitzako gauza garrantzitsuena da. Zoazen lekura joanda, bertakoekin ondo bizitzeko, eurak bizi diren moduan bizi behar duzu eta, horretarako, hizkuntza ezinbestekoa da".

----------

Mohamed Mejahed (Maroko / Osintxu)

"Apirilean iritsi nintzen Osintxura, eta oso gustura nago hemen. Euskara ikasten ere ari naiz; iruditzen zait garrantzitsua dela bizileku duzun herriko hizkuntza jakitea. Euskaltegira joaten naiz, astean ordubetez. Gutxi da, baina Erik lagunaren futbol taldera ere gonbidatu naute, eta haiekin taldean egoteak ere lagunduko dit zentzu horretan. Osintxuren egoera hobetzen laguntzeko prest nago".

----------

Suleiman Toure (Senegambia / Osintxu)

"Zazpi hizkuntza egiten ditut. Guretzat garrantzitsua da hizkuntzak jakitea, bidaiariak gara-eta. Beste herrialde batera iristean, hango hizkuntza ikasi behar da apur bat. Ez da zaila hizkuntzak ikastea, gogoa edukiz gero. Bi urte daramatzat hemen, eta HHIn ari naiz ikasten. Euskara, baina, lagunekin berba eginez ari naiz ikasten, poliki-poliki. Nahi nuke ondo ikastea; hemen oso jende ona dago, inon ezagutu dudan onena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak