Las Tuerkas: "Elkar ezagutu eta bi astera lokalean geunden gure kantuei forma ematen"

Jagoba Domingo 2014ko uzt. 10a, 12:00
Maitane eta Saioa, Oiartzungo Pirata etxean emandako kontzertuan.

Desprezio eta Las Hijas De La Evasion taldeen oinordekoa da Las Tuerkas. Bergara eta Urretxu artean bizirauten duen taldeak estreinako lana kaleratu zuen abenduan: grabatutako bi maketatan bildutako hamaika kantu. Hain zuzen, punkaren mezuak eta punk-rockaren basakeriak batzen dira Apretando Tuerkas eta Rompiendo Kadenas maketak batzen dituen diskoan.

Nola sortu zen Las Tuerkas?

[Maitane] Desprezio popatik hartzera joan ostean ezagutu nuen Saioa, Maritxu Kajoi egunean. Bateria jotzen zuela esan zidan, eta handik bi astera deitu egin nion. Bergaran elkartu ginen, Rombos Negrosen lokalean, eta jotzen hasi ginen. Hasieratik gure materiala sortzeko apustua egin genuen. Gero, Plum sartu zen baxu-jotzaile eta Bergaran eta Gasteizen entseatzen genuen; orain, baina, berriz ere Saioa eta biok gaude. Hala ere, hurrengo kontzertuetarako fitxaketa bat egin dugu: Hardflip taldeko Mugu. Gona eta ileordea jantzi eta oholtzako izar bihurtzen da. Hala ere, hirurok dakigu aldi baterako izango dela. Beste baxu-jotzaile bat bilatzen dugun bitartean, hala ere, ez dugu nahi egoera behartu. Las Tuerkaseko elementuak kasualitatez ezagutu eta elkartu ginen, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu, ez gara orain hasiko baxu-jotzaileei gurekin jotzeko probak egiten, ez dator gurekin bat. Udan ditugun kontzertuetan Mugu gurekin izango da: hilaren 12an Donostiako Atabal tabernan Maldita Sea taldearekin eta 30ean Antiguon Accidente hardcore taldearekin.

Diskoan, bi batean, ezta?

Diskoan orain arte grabatu ditugun bi maketak daude. Lehenengo sei kantuak –Rompiendo Kadenas– estudioko bigarren aldikoak dira eta hurrengo bostak –Apretando Tuerkas– lehenengoz grabatu genuenekoak. Gasteizko Bufer Antisozial estudioan grabatu genituen biak; lehena iaz ekainean izan zen eta bigarrena handik gutxira, irailean. Bufer teknikariarekin egin genuen lan eta egun gutxian grabatu genuen, ordu nahikotxo eman genituen bertan eta esperientzia ona izan zen; nahiko zoroa izan zen, garagardoz bustitako grabazioa. Kantuak osatuta genituen arren, estudioan hainbat konponketa egiteko aukera izan genuen. Horren ostean, editatzeko dirua lortu genuenean diskoa kaleratu genuen, 2013ko abenduan.

Eta banaketa?

Banaketa gure kontu egiten gabiltza. 5 eurotan saltzea zen gure asmoa, baina disko gehienak oparitu egin ditugu. Hala ere, hainbat taberna eta katalogotan daude; DDT, Germinal eta Birdtroublen, esaterako. Orain diskoaren kopia gutxi ditugu eta hori berriz editatzearen edo daukagun material berria grabatzearen artean erabaki behar dugu. Kontua da diskoan hiruron kantuak daudela, eta orain Plum gure artean ez dagoenez... Agian, Saioaren eta bion kantuak berriz ere grabatuko ditugu abesti berriekin batera; edozelan ere, erabakitzeke dago.

Hasi bezain laster egin zenuten salto errepidera.

Lehenengo kontzertua hasi eta hilabete gutxira izan zen, 2013ko martxoan. Durangoko Sapuetxe gaztetxean punkaren gaineko liburu bat aurkeztu zuten eta aurretik mahai-inguru bat egin genuen. Bertan, eskola zaharreko punkak, Decibelioseko Miguel, Josu Distorsion, Subversion X taldekoa, eta belaunaldi gazteagoa geunden. Ostean jo genuen kontzertua. Parisen ere izan gara; eguenetik zapatura hiru kontzertu jo genituen eta domekan, bueltan, Mutrikun jo genuen. Parisen hainbat abentura bizi izan genituen, oroitzapenean luzerako geldituko direnak, seguru. Iruñeko Lady Fest jaialdian jo genuenekoa beste oroitzapen on bat da; emakumeen inguruko jaialdi bat zen, eta tailerrak, kontzertuak... egon ziren. Orain dela gutxi Oiartzunen izan ginen okupa baten. Hurrengo helburua Alemaniara joatea da.

Punk musikan mezuak eta musikak batera joan behar dute?

Gure kasuan, batera doaz; punk musikarekin hazi gara, eta, orain hainbat estilo entzuten ditugun arren, punka beti egongo da presente. Pussy Riot kantuak Pussy Riot taldeari erreferentzia egiten dio. Serpientes eta Extremista ere nahiko letra zuzenak dira; Saioak idazten dituenak, berriz, metaforikoagoak izan ohi dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak