Antonio Lucio Vivaldi eta Johann Sebastian Bach, Oñati Abesbatzaren eta Bergarako Orfeoiaren eskutik

Miren Arregi Amasorrain 2014ko uzt. 6a, 11:54

Iaz Wolfgang Amadeus Mozarten 'Requiem'-a egin zuten eta aurten, barroko garaiko bi musikari handiren obrak aurkeztu dituzte; Antonio Vivaldiren 'Gloria' eta 'Credo' eta Johann Sebastian Bachen 'Cantata BWV 131'. Oñatiko Abesbatzak eta Bergarako Orfeoiak ez dute lan makala egin bi maisu handi horien lanak ikasi eta interpretatzen. Pieza konplexuak dira teknikoki; eta horri gehitzen zaio hizkuntzaren zailtasuna. Bachen 'Cantata' alemanieraz izateak asko konplikatzen du ikasketa prozesua.

Arratsaldeko zazpietan hasi zen Bergarako San Pedro parrokian Bergarako Orfeoiak eta Oñatiko Abesbatzak elkarrekin eskaini zuten kontzertua. Zuzendari gisa Aitor Biain, eta haren gidaritzapean bi abesbatzak ez ezik, orkestra txikia eta bakarlariak. Bergarako parrokia bete egin zen kontzertua entzutera joandako herritarrez.

Barroko garaira bidaiatu zuten atzo entzuleek, musikaren historiako konposatzaile handienetariko biren eskutik. Antonio Lucio Vivaldi (Venezia 1678 - Viena 1741) italiarraren, eta Johann Sebastian Bach (Eisenach, 1685 - Leipzig 1750) alemaniarraren eskutik. 

Italiar konposatzailearen Gloria lanarekin hasi zuten kontzertua. Latinezko meza baten zatia izan beharrean, aparteko lana da. Diseinu zabaleko hamabi mugimenduz osatutako konposaketa ziklikoa da. Pieza ederra, handia, kontraste gogorrez beteta. Instrumentuek zeresan itzela dute obra guztian zehar eta nabarmentzekoa da beste guztien gainetik, Domine Deus-en oboeak duen protagonismoa. Ikuslea liluratzeko modukoa izan zen oboearen solo hori.

Bachen 'Cantata BWV 131'

Ezagutzen ziren Bachen kantaten artean zaharrenetariko da. Sinfoniaz, koruz eta ariaz osatuta, sute baten ondorioz antolatutako penitentzia-zerbitzu baterako sortu zuen 1707an. Bachen lanaren adierazgarri da musikalki; maila tekniko bikainekoa zen Bach, askorentzat inoiz izan den konposatzailerik handiena. Cantata ere teknikoki maisulana da.

Bakarlarien lana

Koruak ez ezik, bakarlariek ere ez zuten lan makala izan. Nere Ibarrak, Oihana Diazek, Ainara Uribesalgok, Gorka Aranburuk eta Karlos Etxanizek, ez zuten erraza teknikoki oso konplexuak diren zatiak interpretatzen; hala ere, txukun aritu ziren.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak