Heteroarauaz hausnartzeko eta eztabaidak pizteko ikus-entzunezko bat ere kaleratu dute proiektuaren baitan, eta denbora laburrean arrakasta itzela izan du. Arrakala talde-lanaren fruitu bada ere, Iraitz Salegi buru-belarri aritu da lanean proiektua martxan jartzeko eta hura izan zen sortzaileetako bat.
Proiektua elkarlanean abiarazi zenuten Topatu.info-k eta Bilgune Feministak. Nolatan?
Hasteko, ikusten genuen Topatuk, gazte mugimendu iraultzailearen tresna izanda, gai asko lantzen zituela, baina heteroarauaren gaia bigarren maila batean geratzen zela. Proiektu honen bidez, lehen lerrora ekarri nahi izan dugu gai hau. Bestetik, Bilgune Feministak baditu gaia lantzen duten liburuak eta lan teorikoak, baina iruditzen zitzaigun ez zegoela tresna erosorik heteroarauaren inguruko lanketa bat egiteko. Indarrak batu eta proiektua eragile bakoitzaren plangintzetara ekartzea erabaki genuen.
Ze helburu ditu?
Proiektuaren helburu nagusia da jendeari ikusaraztea heteroarauak zer-nolako eragina daukan gure bizitzetan. Ez bakarrik sexualitateari dagokionez, baizik eta oro har: etxean, elkarbizitzan, lagunekin... Eragile sozialetan erabiltzeko tresna bat sortu nahi genuen. Eztabaida sortzea zen helburua, eta ez goi mailako ikus-entzunezko bat egitea. Hori dela eta, edukian jarri dugu arreta.
Nori zuzenduta dago?
Eragile sozialei begira egindako proiektua da, heteroarauari buruzko eztabaidak eta hausnarketak beren alorrean bultzatzeko tresna bat eskaini baitiegu. Hala ere, badakigu maila pertsonalean ere jende askori eragingo diola.
Ikus-entzunezkoan testigantza zehatzetara jo duzue, azalpen teorikoetara beharrean. Zergatik?
Heteroarauak nola eragiten digun erakusteko, jendea identifikatuta sentitzea nahi genuen, eta horretarako jo dugu testigantzetara. Edonork bizi ditzakeen egoerak, zailtasunak eta korapiloak aurkezten dira ikus-entzunezkoan. Ikusarazi nahi izan dugu posible dela heteroarautik kanpo bizitzea, edo horretan saiatzea, behintzat. Dena den, aurkezten ditugun kasuak ez ditugu jarraitu beharreko eredutzat proposatzen, adibide gisa baizik.
Zein izan da zure lana ikus-entzunezkoan eta proiektuan?
Esan beharra dago guztia talde-lanean egin dugula. Grabazioetan, ideien hautaketan, edizioan eta bestelako lanetan guztiok hartu dugu parte eta uste dut horixe izan dela proiektua hain aberasgarri egin duena. Izan ere, prozesu osoan asko ikasi dugu eta pertsonalki ere asko eragin digu. Nire kasuan, argi daukat hasi ginenetik hona arrakala ugari sortu direla nire baitan.
Bai lantaldean, baita dokumentalean ere, gehienak emakumeak zarete. Zer dela eta?
Erabaki oso kontziente bat izan da. Heteroarauak guztiok estutzen gaitu, baina patriarkatua existitzen den momentutik, emakumeok are gehiago. Horregatik eta gaia pixka bat mugatzeagatik jarri dugu arreta emakumeengan. Hala ere, argi utzi nahi dugu heteroaraua haustea ez dela emakumeon lana bakarrik, gizarte osoaren eskutik etorri behar den aldaketa bat dela uste dugu.
Ikus-entzunezkoa Arrakala Proiektuaren lehen pausoa baino ez da. Ze jarraipen izango du?
Bidea hasi besterik ez da egin eta guri interesatzen zaiguna hemendik aurrerakoa da. Tresna bat jarri dugu edonoren eskura eta orain edonork har eta antola dezake proiekzio bat, eztabaida bat edota erakusketa bat heteroarauari buruz. Honela, pixkanaka Arrakalak sortuko dira han eta hemen. Gainera, ikus entzunezkoa bakarrik ez, sortzaileen lanak, galdetegiak, unitate didaktiko bat eta informazio gehiago ere jarri dugu www.arrakala.net webgunean.
Nola hauts daiteke heteroaraua?
Norberarengandik hasi behar da heteroaraua apurtzen. Hala ere, hausturak ez dauka zertan sexualitatearekin loturarik izan. Estereotipoak apurtzea ere heteroaraua haustea da; adibidez, ez depilatzea. Heteroarauak gorputz osoa zeharkatzen digu eguneko segundo guztietan, eta zalantzan jarri behar ditugu egunerokotasuneko gauza txiki guztiak hura hausteko.