Eneko Lizarralde: "Garaipen batek konfiantza ematen du, morala igo, anbizioa handiagotu..."

Xabier Urtzelai 2014ko uzt. 1a, 12:00
Eneko Lizarralde, joan den martitzenean, Tolosako sari banaketan, Olanorekin eta Indurainekin batera.

Ponferradatik –Leon– erantzun digu Eneko Lizarraldek (Bergara, 1993), Euskal Selekzioaz Espainiako Txapelketan parte hartzeko bezperan. Elkarrizketa hau irakurtzen duzuenerako, baina, Leonen lehiatzeaz batera domekan ere Irungo lasterketan ibilita egongo da. Baina halako egurtuak eramangarriagoak dira, zalantza barik, joan den martitzenean Tolosan lortu zuen garaipena modukoekin. Afizionatu mailan lehena. 

Helmugan botatako oihuaren ostean, ahotsa errekuperatuta?

[Barre] Bai, bai... Helmugako bideoa pasa didate, eta bai, uste baino oihu handiagoa izan zen. Sentipen asko egoten da hor.

Esprintean? Hamabi lagun atzean utzita? Noiztik zaitugu horren azkarra azken metroetan?

Lagunek ere hori esan didate... [Barre] Kontua da lasterketako azken zatian taldetxo bat baino ez ginela geratu, halako erritmoan joan ginen jendea geratzen joan zen, eta Altzo azkenekoz pasa genuenean hamabi lagun baino ez ginen geratu. Gure artean eraso ahaleginak egon ziren, eta taldean azkena nintzenean erasotzea erabaki nuen. Tarte bat lortu nuen, eta 500 metroren faltan gainera etorri zitzaizkidan. Zorua bustita zegoen, baina arriskatzea erabaki nuen. Kale artean ez zuten lortu ni gainditzea, eta azken metroetan ere eutsi egin nion.

Olano eta Indurain. Ez da saria jasotzeko konpainia txarra...

Momentuan horren pozik nengoen konturatu ere ez nintzen egin, edo ez nion inportantziarik eman. Baina gero... Bai, ondo gordeko dut argazki hori. Olano izan zen nire lehenengo idoloa, Beloki etorri zen gero. Eta Indurain, bueno, denok dakigu ze handia izan den Indurain.

Halako garaipenek zentzu handiagoa ematen diote egiten duzuen esfortzuari?

Bai, zalantza barik. Egunero izaten ditugu sari txikiagoak, baina lasterketa bat irabaztea... Horrek morala ematen du, konfiantza eta anbizio handiagoa... Kristoren bultzakada da.

Jakinda, gainera, ze zaila den kategoria horretan irabaztea.

Irabaztea beti da zaila, baita kadete edo gazte mailan ere. Baina 23 urtez azpikoetan dagoen maila oso handia da, eta benetan da zaila. Lasterketa askotan aurrealdean ibilita ere lehenengoa izateko faktore asko egon behar dira aldeko. Tolosan lehenengoa izan den Eneko ez da beste lasterketa batean 22. postuan amaitu duen Eneko baino hobea.

Askotan esan ohi da maila honetan ikasketak eta txirrindularitza ez direla bateragarriak. Hankaz gora utzi duzu esaldi hori.

Baina oso gogorra da. Ingeniaritzako hirugarren urtea amaitu berri dut, eta datorren urtean proiektuaz jardungo dut, pasa da gogorrena. Baina gogoan dut lehenengo urtea nekagarria izan zela. Loari ordu asko kendu nizkion. Zorionez, klasean nengoenean, entrenatzeko deseatzen egoten nintzen.

Kontrara, egun osoa burua bizikletan zentratuta izan beharrean, eskolako kontuek entretenitzeko balio izango dute, bizikleta gainean bolada txar bat izanez gero, batez ere.

Zalantza barik. Ez dakit errendimenduan zenbateraino eragingo duen denbora ikasketen eta bizikletaren artean partekatzeak. Ondo lo egitea, ondo entrenatzea, atseden hartzea... garrantzitsuak dira, eta ikasten ari zarenean, ba...

Zer esan nahi du Euskadiko Selekzioan aukeratuen artean egoteak?

Oso polita da. Gazte mailan ere egondakoa naiz, eta gure herriko koloreak daramatzan maillota janztea polita da.

Ze asmorekin zaudete?

Irabaztera irtengo gara, horixe da gure zuzendari Jon Odriozolak barruraino sartu diguna, irabaztera irten behar dela beti. Erlojuperako Jon Ander [Insausti] oso indartsu dago, ea erakustaldia ematen duen, eta errepideko lasterketarako garaipenerako hautagai asko ditugu. Uste dut oso talde indartsua dugula, taldeko ia erdiak lasterketaren bat irabazi du aurten. Ea, batetik, hautatzaileak zer esaten digun, eta bestetik, lasterketa zelan joaten den. Zortzi itzuli eman behar dizkiogu zirkuitu bati, eta bi igoera gogor ditu. Ikusteko dago non erabakiko den proba.

Eta datozen hilabeteotan zer?

Uztailean hainbat itzulitan hartuko dut parte, tartean, Leonen. Akaso, hori izango da itzuli garrantzitsuena. Gero, taldekideak astebete joango gara Pirinioetara, entrenatzera; ea handik bueltan Antzuolarako sasoi onean nagoen. [Uztailaren 13an da Antzuola saria] Eta uztail amaieran atseden hartuko dut, urteko azken zatiari begira. Egia esatearren, ondo etorriko zait atsedenaldi hori, askotan ez da jakiten fisikoki edo mentalki dugun behar handiagoa. Eta oporren ostean ekingo diogu denboraldiaren azken zatiari. Baina hor, ikusi egin behar geldialdiaren ostean gorputzak zelan erantzuten duen.

----------

Azken garaipena, duela 12 urte

Afizionatu mailan lasterketa bat irabaztea ez da gauza erraza, eta horra datu bat, hamabi urte atzera egin behar dira Debagoieneko ziklista batek lasterketa bat irabazi zuenetik. 2002an Asier Atxak irabazi zuen Gipuzkoako txapelketa, Bergaran. Lokatza Ziklismo Eskolako lagunei esker jakin dugu, baita ere, bergararren artean hamabost urte pasa direla azken garaipenetik. Orduan, Jon Unamunok jaso zituen besoak, Gasteizen.

Atxa, Bergaran, helmuga zeharkatzen; Markel Irizar, atzean:

Jon Unamuno, 1999an, Gasteizko Virgen Blanca sarian:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak