Bergarako eskolak LOMCE legearen aurka

Maialen Torres 2014ko eka. 20a, 13:22

Herriko ikastetxeek modu bateratuan eman zioten ezezkoa hezkuntza legeari eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko beharra aldarrikatu zuten.

Atzo agerraldi jendetsua izan zen Bergarako plazan. Herriko hezkuntza komunitateak indarrak batu zituen LOMCEri ezetz esateko eta hezkuntza eredu propioa sortzeko beharra azpimarratzeko. Bergarako hezkuntza Mahaia sortu dute elkarlanerako eta horren bidez legearen aplikazioa geratzeko estrategia bateratuak sortzeko asmoa dute. Izan ere, hezkuntza lege berria basatia eta onartezina dela uste dute. Argi adierazi zuten "zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista" iruditzen zaiela eta ez dutela lege berria onartuko.

Hori dela eta, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Euskal Autonomi Erkidegoko zein Nafarroako gobernuei eskatu zieten LOMCE legea Bergarako ikastetxeetan ez aplikatzeko. Gainera, oso argi dute eskatzen duten hezkuntza eredu berriak nolakoa izan behar duen. Honako ardatzak bermatu behar dituela adierazi zuten:

  • ­Ikasle garapen beharrak eta eskubideak bermatuko dituen heziketa integrala (pertsonalizatua, inklusiboa, hezkidetzailea, kritikoa...) eta horretarako behar diren baliabide guztiak izango dituena.
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituena.
  • Curriculum propioa izango duena.
  • Ikastetxeen autonomia eta parte hartze eta funtzionamendu demokratikoa bermatuko duena.

San Martin ikastetxea, Migel Altuna, Aranzadi Ikastola, Ipintza Institutua eta Helduen Eskolaren babesarekin sortu da Bergarako Hezkuntzaren Mahaia. Hezkuntza komunitate osoa biltzea du helburu eta dagoeneko egin dituzten ekintzez gain, datorren ikasturtean ere lanean jarraitzeko asmoa dute bertako kideek. Hori dela eta, herritarren parte hartzea eskatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak