"Espainiar Gobernuak LOMCE hezkuntza erreforma basatia onartu eta indarrean jarri du jada.
2014-15 ikasturtean abian jartzeko arazo teknikoez harago, datorren ikasturtean zein hurrengoetan lege honen aplikazioa ekiditeko eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema egituratzeko, pausoak ematea ezinbestekoa dugu.
Nabaria da, Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienon, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundeon erabateko aurkakotasuna hezkuntza erreformarekiko. Argi adierazi dugu zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau Euskal Herrian inposatzea inola ere ez dugula onartzen.
Bide horretan, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei behin eta berriro eskatu diegu eta eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabil ditzatela.
Modu berean, hezkuntza eragileok LOMCEa gure herrian aplika ez dadin estrategia komunak eta bitartekoak lantzen ari gara. Horretarako, Bergaran Hezkuntza Mahaia osatu da herritarren bultzada eta San Martin ikastetxea, Migel Altuna, Aranzadi Ikastola, Ipintza Institutua eta Helduen Eskolaren oniritziarekin. Honen helburuak Bergarako hezkuntza komunitate osoa (irakasle, ikasle, guraso, herritar…) islatzea, LOMCEren kontra indarrak batzea eta gure hezkuntza propioa eraikitzea direlarik.
Honekin batera, ezinbestekoa deritzogu azken hamarkada luzetan inposatu nahi izan dizkiguten lege eta dekretuen gainetik ehuntzen joan garen bestelako hezkuntza ereduari jarraipena eman eta gure hezkuntza sistema propioaren garapenean pauso berriak ematea.
Asko dugu oraindik egiteko, baina orain arteko bide hori aintzat hartuz, baditugu abiapuntua diren eta garatzeko premia dutela uste dugun adostasun zabala batzen duten oinarrizko edukiak.
Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza eraikitzerakoan ondorengo ardatzak hartu nahi ditugu hezkuntza eragile ezberdinen artean, ikastetxeetako ikasle, familia eta langileekin eta herritarrekin batera landu eta garatzeko:
- Ikasle garapen beharrak eta eskubideak bermatuko dituen heziketa integrala (pertsonalizatua, inklusiboa, hezkidetzailea, kritikoa…) eta horretarako behar diren baliabide guztiak izango dituena.
- Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituena.
- Curriculum propioa izango duena.
- Ikastetxeen autonomia eta parte hartze eta funtzionamendu demokratikoa bermatuko duena.
Bai LOMCEri aurre egiteko baita gure hezkuntza propioa eraikitze bidean ere ezinbestekoa da hezkuntzan dihardugun guztion eta herritar ororen inplikazioa. Horregatik, Ekainaren 19an, 19:00etan, San Martin plazan burutuko den agerraldi masibora joateko deia luzatzen dizuegu.
Bergarako Hezkuntza Mahaiak burutu ditu bere lehen ekintzak, hau tartean, eta hurrengo ikasturtean ere lanean jarraituko dugu, horretarako denen laguntza eskertzen dugularik. Beraz, Hezkuntzaren Mahaian bertan edota antolatuko diren ekintzetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Guztion artean lor dezakegu! Euskal Herrian Gure Hezkuntza Eraiki! LOMCEri ez!"