Markel Zestafe: "Lasterketetan zentzuz jokatzeko odol hotza izatea beharrezkoa da"

Julen Aperribai 2014ko eka. 10a, 12:00
Markel Zestafe, iazko Arlabango auto igoerako sari banaketan.
Autoak eta inguratzen duten guztia beti izan ditu gustuko Markel Zestafek (Bergara, 1988). Oso gaztetatik hasi zen bere autoa ukitu eta egoera desberdinetarako moldatzen. Behin mundu horretan sartuta, azkar eman zuen lasterketetarako pausoa. Gaur egun, igoeretan emaitza bikainak ari da eskuratzen, Turismoen kategorian.

Aiako Igoeran denborarik onena egitea lortu zenuen. Garaipen garrantzitsua zuretzat, ezta?

Oso garrantzitsua. Gainera, astean zehar autoarekin arazo batzuk izan nituen arren eta azkeneko momentuko konponketa batzuk eginda, lasterketara iristea lortu nuen. Azken finean, hori zen gehien inporta zitzaidana. Lasterketa bera berezia izan zen. Lurra bustia zegoen hasieran, nahiz eta gero lehortu zen. Azkeneko itzulian egin nuen denborarik onena. 

Azkenaldian lortutako emaitza onek aurrerantzean zertan lagunduko dizutela uste duzu?

Autoan ibiltzen jarraitzeko indarra eman didate, baina baita ekonomikoki lagundu ere. Diru sariak garrantzitsuak dira. Horretaz gain, babesleek ikus dezakete nirekiko duten konfiantzak bere fruituak ematen dituela. Lasterketak irabazten ditudanean denak egiten du hobera.

Ekonomikoki esfortzu handia egitea eskatzen duen kirola da hau. Dirulaguntzarik jasotzen al duzu?

Aurten Iauto eta Eskoauto ditut babesle eta horrek dezente lagundu dit. Hala ere, sakrifizio handia egitea eskatzen du ekonomikoki, izan ere, beste gauza batzuetara bideratu nezakeen dirua lasterketetan parte hartu ahal izateko  erabiltzen dut. Segurtasun sisteman edota motorrean, esate baterako, nahikoa diru joaten zait.

Zein dira pilotu on batek beharrezkoak dituen ezaugarriak?

Ezaugarri askoren nahasketa bat beharrezkoa da pilotu on bat izateko. Alde batetik, esperientzia edukitzeak laguntzen du, eta kirol hau asko gustatu behar zaizu. Lasterketetan odol hotza edukitzea ere ondo dator, zentzuz jokatzeko eta erabaki onak hartzeko, batik bat. Talentua norberaren gauza bat da. Ez gara ikastaroetara joaten gidatzen ikasteko, norberak bere kabuz hobetzen joan behar du. 

Entrenamendurik egiten duzue ala lasterketa batetik bestera joanez entrenatzen duzue?

Kirol hau ez da besteak bezalakoa, ez dugu entrenamendurik egiten. Normalean, lasterketaren aurretik kaleko autoarekin zirkuituari buelta batzuk ematen dizkiogu ezagutzeko eta gero zirkuituko autoarekin berdina egiten dugu. Entrenatu baino gehiago ibilbidea ezagutzera joaten gara. 

Zein izan da zure kirol ibilbideko emaitzarik garrantzitsuena?

Dezente eduki ditut baina oraingoz gehien gustatu zaidana Aiakoa izan da. Aurrez esan dudan bezala, autoarekin azken uneko arazo batzuk izan nituen, eta lasterketara iristea lortu nuenez, poza are handiagoa izan zen. 

Zein egoeratan dago automobilismoa Debagoienean?

Zale eta pilotu asko daude, baina diru-laguntzak falta dira. Dirulaguntzak oso urriak dira eta lasterketak antolatzerakoan ere zailtasun asko daude, nahiz eta ni horretan aritzen ez naizen. 

Datozen hilabeteetan zein lasterketetan lehiatzeko asmoa duzu?

Asteburu honetan Udanako igoera egingo dut. Horren ostean, Arlaban, La Reineta, Urraki eta Jaizkibeleko igoeretan parte hartzeko asmoa dut. Printzipioz, lasterketa horietan garaipena eskuratzea da nire helburua. Beti lehenengo postuetatik gertu ibiltzen naiz eta ea emaitzek laguntzen didaten.

----------

Emaitza bikainak orain artean

Emaitza bikainak lortu ditu azken lasterketetan Markel Zestafek. Euskadiko Mendi Txapelketako hiru proba jokatu dira oraingoz eta hiruretan aurrealdean amaitu du bergararrak. Turismoen kategorian garaipen batekin hasi zuen denboraldia, Opakuan, apiril erdialdean. Gorlako Igoeraren ondoren, Aiako Igoera etorri zen eta bertan ere nagusitu egin zen. Denboraldiari amaiera borobila ematen saiatuko da orain Zestafe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak