Behi Bi Blues: "Musika lagunekin konpartitzea maite dugu; 'jam' saioen jarraitzaileak gara"

Jagoba Domingo 2014ko eka. 10a, 00:00
Gaizka Azkarate eta Azkaiter Pelox.
Behi Bi Blues-ek, Azkaiter Pelox eta Gaizka Azkarate bikoteak, diskoa aurkeztu du. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak kaleratu du hamaika kantuz osaturiko taldearen estreinako lana.

Gitarra, harmonika eta ahotsa; formatu txiki eta erosoan egindako blues musika da protagonista, ohiko duten funk eta bossa nova zertzeladak alde batera utzi gabe. Jam saioen filosofiaren jarraitzaile sutsuak dira biak, eta, diskoa bikote bezala grabatu duten arren, zuzenekoetan lagunez inguratu ohi dira. Duela hiru urte kolaboratzen hasi zen bikoteak lehen umea beso artean du.

Non grabatu duzue estreinakoa?

Aste Santuan grabatu genuen diskoa, Beasaingo Pottoko estudioan. Bi egunez Fredi Pelaezen gidaritzapean egon ginen, eta esku artean duguna da emaitza. Egia esan, plazer handia da harekin grabatzea. Soinu teknikari handia da, baina musikari are handiagoa. Bidaian hainbat aholku eman dizkigu.

Zergatik erabaki duzue bikote formatuan grabatzea?

Maleta handia hartu beharrean, maleta txikia hartzea erabaki dugu. Formatu txikia eramangarriagoa da, alderik alde joateko errazagoa; jam saioen filosofiaren jarraitzaileak gara eta zuzenekoak lagunekin konpartitzea gustatzen zaigu. Biok gara Behi Bi Blues; hala ere, gitarra, harmonika eta ahotsa bakarrik grabatzea tentuz hartutako erabakia izan da. Nik [Azkaiter Pelox] orain arte diskoetan instrumentu asko sartu ditut, asko disfrutatzen nuen lagunak estudiora eramaten eta haiekin batera kantuak janzten. Kasu honetan, ordea, Gaizkak oso argi zuen; gure formatuari fidelak izan behar genuen. Horrez gain, baxua grabatzekotan egon ginen, baina Pelaezek ez egiteko aholkatu zigun. Baxua grabatzen duzun momentuan, kantuek bateria ere eskatzen dute; eta gitarra-harmonika binomioak ondo funtzionatzen du. Gainera, beste instrumentu bat grabatzeak denbora eta diru gehiago eskatzen du.

Bikote formatu horren erakusle handiak egon dira bluesean.

Zalantza barik; Muddy Water eta Little Walter, Ben Harper eta Charlie Musselwhite edo Los Reyes del KO taldeko Marcos Coll eta Adrian Costa, esaterako. Azken horien diskoak betidanik entzun izan ditut, eta Gaizkak lan kontuengatik ezagutu ditu; beraz, gertukoak ditugula esan daiteke. Noizbait furgonetan eurekin ibili gara hara eta hona, eta bi orduk luzerako eman dezakete. Horren ostean gehiago jarraitzen dituzu eta asko ikas daiteke. Bizimodu horrek errespetu eta mirespen osoa merezi dit, baina benetan gogorra izan behar du. Duela bi aste Bilbon jo ostean Edu Manazas ikustera joan ginen, bere taldearekin etorri zen eta furgoneta batean asteburu osoa eman ostean, musikari bakoitzarentzako euro batzuk lortu zituzten! Egoera benetan zaila bada musikari horientzako, imajina guretzako...

Diskora bueltatuta... bluesa protagonista den arren, beste estilo batzuek ere badute tokia.

Abesti bakoitza istorio bat da niretzako. Diskoa zabaltzen duen Astelehen trumoitsuak blues klasikoa da, baina erritmo biziarekin. Kontua da blues geldoa jo eta publikoaren arreta bereganatzeko benetan musikari ona izan behar dela. Kantuei erritmo nahikotxo ematen saiatu gara. Nik nahi dut zuk entzutea-k, adibidez, surf kutsua du eta Zeri zaude begira, ordea, funk erritmoan oinarritzen da. Instrumentuen sonoritateak ere bide batetik eramaten zaituela uste dut. Kaxadun gitarrek rhythm and blues estiloa jotzera bultzatzen naute, eta harmonikarekin batera bikote paregabea egiten du.

Harmonikak zeresan handia du.

Behi Bi Bluesen biok gara protagonista; kantu batzuetan gitarrak harmonikari basea egiten dio. Gainera, diskoan soinu polita lortu dugula uste dut. Harmonika anplifikadore barik grabatu zuen Gaizkak eta ostean erabaki genuen ze sonoritate eman kantu bakoitzari. Gitarra, ordea, harmonikaren anplifikadorean entxufatuta grabatu genuen.

Bi bertsio ere sartu dituzue.

Ottis Reddingen The dock of the bay berriz ere grabatu dugu, Gaizkak oso gustuko zuelako. Zamburleiker-en ere bazegoen, baina oraingoa hobeto gelditu dela uste dut. Horrez gain, aspalditik jotzen dudan Bap!-en Ez dut ezer esan nahi ere grabatu dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak