Oihan Vega: "Gazteari esker nire bi pasioak bat egin ditut: musika eta komunikazioa"

Mirari Altube Arrese 2014ko eka. 11a, 00:00

Oihan Vega irrati esataria, DJ lanetan.
Angiozarkoa da Oihan Vega (Bergara, 1981) irrati esatari ezaguna. Zazpi urte daramatza Gaztean, eta horrez gain, DJ lanetan ere jarduten du herrietako jaietan; laster izango da Bergaran, Arrasaten eta Elgetan. Belceblues taldeko manager lanak egiten ditu orain, bateria jotzeko aukerarik ez duelako.

Zelakoa da Oihan Vega?

Tipo normala; parrandazalea lagunekin nagoenean, baina era berean, oso etxezalea.

Ze harreman duzu sukaldearekin?

Ez naiz oso sukaldari ona, ez dut oso gustuko-eta, baina era berean denetik dakit gertatzen.Nik beti diot: "Denetik prestatzen dut; jateko bai, baina dastatzeko ez". 

Zein da zure espezialitatea?

Barazkiak; lekak eta porru-patatak oso gustuko ditut eta puntua hartzen diet.

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?

Itsasbazterreko herri txikiren bateko jatetxe batera.

Eta etsairik handiena zertara?

Jaietan kalean saltzen dituzten txitxi-burruntzi nazkagarri horietakoren batera.

Eta zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?

Hilda dagolako, baina gura Michael Jacksonekin.

Zergatik irrati esatari?

Musikaria naiz, musika ikasketak ditut eta musika irakaslea izan naiz. Ikus-entzunezko ikasketak egin nituen eta komunikazioa da nire bigarren pasioa. Gaztearen bitartez lortu dut bi pasioak bat egitea: musika eta komunikazioa, musika ere komunikatzeko modu bat da-eta.

Hortaz, afizioa ofizio egin duen zorteduna zara?

Bai, hala da, zortea daukat. Hori bai, inork ez dit ezer oparitu.

Zer gurago bateria atzean edo mahai-soinu aurrean DJ lanetan?

Zalantza barik bateria atzean.

Eta pop doinuak ala bluesa?

Ez bata eta ez bestea, ni heavy zalea naiz: Iron Maiden, Metalica… Belceblues taldea heavy talde baten hondarretatik sortu zen.

Irratia edo telebista, non gusturago?

Telebistan, ikusgarriagoa da eta komunikaziorako elementu gehiago ditu. Baina irratia intimoagoa da.

Zer da zure lanbidean gustuko ez duzuna?

Jendeak pentsatzea edozer esan dezakeela zutaz ezaguna zarelako, batez ere kontuak asmatzea edo iraintzen hastea.

Angiozartik Bilbora, zelako aldaketa izan zen?

Handia, 18 urte nituela motxila batekin joan nintzen-eta. Dagoeneko hamalau urte daramatzat eta orain ito egingo nintzateke Angiozarren, hiri handi bateko mugimendua behar dut.

Bergarako Pazkoak, sanmartinak ala Angiozarko sanmigelak?

Angiozarko sanmigelak zalantza barik, herri txikiko giroa…

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.

Oso berekoia naiz ni: etxe handi bat; poltsikoa beti beteta izatea; eta osasuna.

Zure bizitzako anekdota bat.

Andoaingo jaietara joan ginen disko festarekin; ordu pare bat lehenago iritsi eta muntatzen hasi. Handik ordubetera beste kamioi bat iritsi zen, hamabi mexikar jaitsi, eta esan ziguten: "Hemen guk dugu ekitaldia". Guk ezetz, eta azkenean arrazoia eman behar eurei. Bi eszenatoki zeuden eta guri Herriko Plazan zegokigun, hortaz, guztia jaso, mexikarrei barkamena eskatu eta bi kontzertuak berandu hasi ziren.

Irrati esatari lanean ezinbestekoa?

Komunikatzen jakitea.

Damu zara…

Erasmusera joan ez izanaz.

Zer errepikatuko zenuke?

Olentzero & Co. musikala, eta badakit errepikatuko dugula.

Zerk beldurtzen zaitu?

Minak eta sufrimenduak.

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Txokolatezko ogitartekoa jan bitartean telebista ikusi. 

Nora egingo zenuke ospa gustura?

Hondartza dagoen paraje polit batera, munduarekin ahazteko.

Ze aholku konpartituko zenuke?

Bakoitzak egin dezala nahi duena, albokoa izorratu gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak