Bertako produktuak bultzatuz, hasi da Oxirondo osatzen

Imanol Gallego 2014ko eka. 6a, 09:31

Eguaztena egun handia izan zen Oxirondoko azokarentzat, hura biziberritzeko dinamikatik sortutako baserritarren azoka estreinatu baitzen; eta nola, gainera!

Inguruan aparkatzea inoiz baino zailagoa zen, eta jendeak era masiboan erantzun zuen. "Bazen garaia", zioen azoka aurrean zegoen erosle batek. Jendeak, tartean gazte askok, azoka erabiltzeko gogoa zuen, eta eskaintza eta ordutegia ere aproposak izan ziren: "Lanean gaudenontzat primerako ordutegia aukeratu dute eta produktuak, bertakoak direnez, zaila da zerbait ez erostea", azaldu zuen beste herritar batek. Baserritar azokak izandako harrerak txundituta laga zituen gertuko ekoizleak. "Lehen eguna zela-eta produktu gutxi ekarri dugu, baina jende asko etorri da", argitu zuten Barrenkaleko Velez de Mendizabal ahizpa gozogileek. San Blas auzotik jaitsitako Kristina Ugarte ere baikor zen: "Lehen eguna izateko jende asko gerturatu da eta poliki-poliki bagabiltza ekarritakoa saltzen".

Ama Mia jatetxeko sukaldariak azokako produktuekin egindako tabernarekin batera, gaztetxoei zuzendutako tailerra izan zen arratsaldeko izarra. "Ideia ona izan da, umeekin gurasoak etorri dira-eta", argitu zuen beste saltzaile batek. Bertakoa bultzatzeko Aser Polvorosak herriko idazle eta musikarien lanak ere eroan zituen azokara.

Betiko saltzaileak

Haiek ere nabaritu dute baserritarren azokak erakarritako jendetza. "Azokak horren beharrezkoa zuen burrunbada entzuten da orain", aipatu du saltzaile egonkor batek. Mertxe Altubek, baina, jende gehiago ibili zela aipatu arren, nobedadea eta jendea erdian geratu zela argitu zuen. "Gurera betiko erosleak gerturatu dira", dio saltzaileak.

Lagun kuadrilla gehienetan entzuten zen esaldia zen: "Ea honek jarraipena duen". Jende ugarik erantzun zion azokatik egindako gonbitari, eta saltzaile, erosle eta antolatzaileek ezin zuten euren poztasuna ezkutatu. "Zapatuetan bezain beste jende etorri da, eta hori adierazle ona da", azaldu zuen Andoni Larrañagak, Bagarako kideak.

Estreinaldiaren ostean, baina, hitzordua egonkortzea da hurrengo erronka. Eguaztenean ikusitako erantzunaren ostean, ez da erronka zaila izango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak