Gure Esku Dago

10.000 lagun espero dituzte Bergaran domekan

Eneko Azkarate 2014ko eka. 5a, 09:59

Bergarako Gure Esku Dago taldekoak oraingo asteko argazkian.
Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katea dela-eta, 10.000 lagun espero dituzte Bergaran domekan. Izan ere, giza kateko bost jai guneetako bat izango da. Bergarako Gure Esku Dagok adierazi du dena gertu dagoela. Martitzenean emandako datuen arabera, dagoeneko, 1.200 metro saldu dituzte Bergaran eta oraindik gehiago izatea espero dute. Kilometroan bertan ere salduko ditiuzte.

Beste herri batzuetatik etorritako 150 autobus espero dituzte Bergaran: "10.000 lagun gutxienez"; izan ere, horiez gain, espero da Debagoieneko beste herrietatik ere Bergarara hurbiltzea giza katea amaitutakoan. 14:00etarako ekitaldia iragarrita dago San Martin plazan eta, ostean, hainbat ekitaldi: musika emanaldiak-eta.

Debagoienean, 21 kilometro dira, Kanpanzarretik Deskargaraino eta eskualdeko herriei dagokien kilometroez gain, beste herri batzuetakoak ere badira: Portugalete, Sestao, Getxo…, hau da, Bilbo Ezkerralde eta errekaren beste aldeko herrietakoak, gehienbat.

Errepidea itxita

12:00etatik 12:30era bitartean izango da giza katea eta ordu erdi horretan itxita egongo da errepidea, baina 10:30erako dagokion tokian egon beharko da jendea, dena ondo antolatzeko. Hortaz, kaminoan jendea ibiliko da giza katearen aurretik ere, eta arretaz ibiltzea gomendatu dute antolatzaileek. "Auto gidariei domeka goizean arretaz eta patxadaz gidatzeko eskatzen diegu" adierazi dute Bergarako Gure Esku Dago taldekoek. Era berean, herritarrei dei egin diete, ahal dela, autoa ez erabiltzeko.

Giza kateak eragina izango du trafikoan domeka goizean. Esaterako, autobus geltokitik San Antonio eta Urteagarantz, irteteko bakarrik egongo da zabalik. Antzuolatik sartzeko, itxita.

Gatz biltegitik Biltokiraino

Bergarari tokatu zaion kilometroa honakoa da: Diputazioak erabiltzen duen gatz biltegitik Olabarreraino; hain justu ere, Biltoki pare edo AHTren zubi-bideraino. Hor batuko dira izena eman duten eta metro bakoitzeko 5 euro eman dituzten herritarrak. Baina, horiekin batera, espero da familiako beste kide batzuk ere batzea. Horregatik, 1.200 baino gehiago elkartuko dira errepidean giza kate orduan. Antolatzaileek adierazi dute oraindik izena eman eta metroak erosteko aukera badagoela.

Kalejiran kilometrora

Bergararrak, 09:30ean batuko dira San Martin plazan, kalejiran, kilometrora joateko. Aurretik, halere, 08:30ean, armosatzeko aukera izango dute gaupaseroek edo goiztiarrek Bideberrin. Handik abiatuko dira txosnetan elkartzen direnak, plazakoekin Ozaetan elkartzeko.

Autobus zerbitzua

Kilometrora oinez joateko arazoak dituztenendako, bestalde, autobus zerbitzua egongo da geltokitik. 10:00etatik 11:00ak bitartean joan-etorrian ibiliko da busa. Itzulerakoa, 13:30 eta 14:30ak bitartean, bentatik irtenda. Autobuseko prezioa 0,50 euro da.

Giza katea amaitutakoan, Debagoieneko 21 kilometroetan dauden herrietako jendea —debagoiendarrak zein kanpokoak— Bergaran elkartuko dira eta 19:00 edo 20:00ak bitartean Bergaran egotea espero dute Gure Esku Dagokoek. Bergara jaietan da, baina, bestalde, propio hainbat ekitaldi antolatu dira. Horretaz gain, txosnetan ogitartekoak egongo dira, Munibe plazan mahaiak jarriko dituzte jateko…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak