Gure Esku Dago

Ekainaren 8ko giza katearen jarraipena elkarlanean egingo du Goienak hainbat herri hedabiderekin

Eneko Azkarate Laspiur 2014ko mai. 28a, 12:00
Ekainaren 8an Durango eta Iruñea batuko dituen giza katearen jarraipena elkarlanean egingo dute Euskal Herriko hainbat herri hedabidek. Horien artean dago Goiena. "Apustu berezia" egingo dute egun horretan.

"Iruditzen zaigu gure komunitatearendako interes informatiboa duen ekimena dela, eta aukera aproposa dela hedabideon elkarlana sustatzeko. Apustu berezia egingo dugu, eta kalitatezko jarraipen anbiziotsua prestatzen ari gara" irakur daiteke Goienak eta gainerako herri hedabideek argitara eman duten oharrean.

Hedabide horiek, giza kate egunera bitartean, Twitterreko #elkarlanean traola erabili dute egun horretan elkarrekin egin nahi dutena adierazteko.

Zer da eskainiko dena?

  • Sare sozialetan jarraipen koordinatua.
  • Giza kate osoko argazkiak bilduko dituen mapa interaktiboa webguneetan, tartean Goiena.net-en.
  • Giza katea dokumentatuko da, argazkiz eta ikus-entzunezko formatuetan, lurretik eta airetik.
  • Irrati bidez entzungo den eta webguneetan streaming bidez zuzeneko irudiekin hornituko den ikus-entzunezko saioa.
  • Gauean, ordubeteko telebista saioa egunak utzi duen onenaren laburpen gisa.
  • Denon artean grabatutako irudirik onenekin, bideo laburpena sarean zabaltzeko.

Nork hartuko du elkarlanean?

Goienak bere hedabide guztietan egingo dio jarraipena giza kateari ekainaren 8an: Goiena.net-en, Goiena telebistan, saio berezia eskainiz gauean, eta hurrengo eguneko Goiena paperekoan.

Elkarlanean, honako hedabide hauek egingo diote jarraipen eguneratu, zehatz eta sakona giza kateari eta egun horretan antolatuko diren beste ekitaldiei:

  • Ahotsa
  • Aiaraldea
  • Anboto
  • Argia
  • Arrosa sarea
  • Barren
  • Berria
  • Goiena
  • Goierri Irrati-TB
  • Guaixe
  • Hamaika
  • Hitza
  • Hitzondo
  • Info7
  • Librean zuzenekoak
  • Naiz
  • Piztu
  • Tolosaldeko ataria
  • Tokikom
  • Topatu
  • Uriola
  • 25 Geltokia

Bergara bost jaiguneetako bat

Giza katea Gure Esku Dagok antolatu du eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Durango eta Iruñea batu nahi ditu, eskutik eskura lotuz herritarrak. 10:00etatik 12:30ak bitartean irudikatuko da giza katea. Debagoienean, Kanpanzarretik Deskargara bitarteko 20 kilometro hartuko ditu eta Arrasate, Bergara eta Antzuola zeharkatuko ditu. Gainera, Bergara izango da bost jai guneetako bat. Besteak, Durango eta Iruñeaz gain, Lazkao eta Etxarri Aranatz.

Bergarako egitaraua

  • 14:00 Ekitaldi berezia San Martin plazan, debagoiendarrekin eta bailara etorritako guztiekin, Gure Esku Dagoko antolatzaileek girotuta.

Ume eta familia gunea (Bideberriko txosna gunean)

Jateko gunea egongo da bertan. Batetik, txosna batean ogitartekoak eta mokadutxoak egongo dira; eta bestetik, mahaiak eta aulkiak, etxetik janaria ekartzen dutenek ere bertan egoteko aukera izan dezaten. Estalitako gunea izango da eta komunak ere egongo dira.

  • 16:00 Irrien Lagunak.
  • 17:30 Herrixa dantzan erromeria.
  • Puzgarriak, egun guztian zehar.
  • Apar festa, pailazoen aurretik eta ondoren.
  • 19:30 Emon taldearekin kontzertua.

Gazteen gunea (San Martin plazan)

Bertan egongo da eszenatoki handia eta gazteen gunea izango da. Plazatik hurbil dagoen Munibe plazan jatekoa egongo da, catering zerbitzu baten eskutik. Euria eginez gero, jateko gunea Seminarioan jarriko dute. Komunak egongo dira.

  • 15:30 Gose taldearen emanaldia.
  • 17:30 Esne Beltzaren kontzertua.

Horiez gain, eta kontuan izanik Bergaran Pentekoste jaiak ospatzen ariko direla, Bergarako jaietako egitarauan honako ekintza hauek aurreikusten dira egun horretarako:

  • 18:30-20:00 Euskal Herriko Errekortadore Txapelketa, zezen plazan.

Jarraipena Goienako hedabideetan

Goienako hedabideek jarraipen zabala egingo diote giza kateari, bai aurretik, bai egunean zehar eta baita ostean ere. hauxe da Goienaren hedabideetan aurreikusita dagoena:

  • Ekainak 4: Tertulia berezia Goiena telebistan, 22:00etan.
  • Ekainak 6: Erreportaje berezia Goiena paperekoan.
  • Ekainak 8: Jarraipen uneoroko zehatz eta zabala, Goiena.net-en
  • Ekainak 8: Saio berezia Goiena telebistan, 21:00etan.
  • Ekainak 9: Kronika zabala Goiena paperekoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak