Gu ibili garen parajea benetako basamortua izan da, kontuan izanik hiru astetan ez dugula pertsona bat ere ikusi. Serengeti itxurakoa, esan daiteke, sei parke naturalekin, Unescok biosferako erreserba bezala aitortua.
Hamaika motatako animaliak gertutik ikusi ditugu –basurdeak, oreinak, adarzabalak, zezenak edo katamotzak–. Eta gainera, era guztietako txori –sekulako txioak egiten–, tortotxondo, olibondo eta artadi artean... eta zer esan hango usain goxoez: erromeroa, jazmina, kamamila, oreganoa, tomilloa, eta abar, eta abar. Benetako baso paradisua, non derrigorrezkoa bihurtu den GPSa erabiltzea, segurtasunagatik bada ere, eta gutxienez hiru laguneko taldea... gure artean benetan ondo konpondu garena.
Betebeharrok erabat beteta, eta politikari kaskarren mentalitatearekin –beti epe laburrerako planak–, gu ere horrela hasi ginen, ez egunez egun, pausoz pausoko pentsaerarekin baizik, gehienbat txangolari zaharrena kontuan hartuz, bideen gogortasuna, eta baita ere eguerditik aurrera 40 gradu inguruko beroak egin dituela.
Bidaia ahaztezina
Sierra Morena pasatu genuen, normalean gauak herri txikietan igarotzen, mozarabe arokoak –oraindik gaztelu galantak zutik daude–, jende maitagarriaren artean, eta xelebrekeria batzuk entzuteko aukera ere izan genuen: "Dicen que andan tres hombres por los montes, cruzando provincias, y llevan la cama a cuestas (sic)", maki estilokoak edo... kontuan edukita, Huelva, Sevilla, Kordoba eta Jaengo probintziak igaro genituela.
Azkenean, Bergarara itzuli ginen, pozik, ahaztezina izango den bidaia ederra egin eta gero. Hori bai, Compostelan ematen dituzten irabaziak indulgentzia bezala lortu gabe...