Antolakuntza taldean aritu den Aitor Narbaizak onartu du hasiera batean ohiko ikusleak uxatzeko beldurra zutela, baina guztiz kontrakoa lortu dute. "Gaztetxera normalean etortzen ez den jende asko erakartzeaz gain, ohiko ikusleen artean ere harrera ona izan dute musika estilo berriek", esan du Narbaizak.
Maiatzaren 2an hasita, guztira, zortzi kontzertu izan dira kartzela zaharrean. Bi emanaldi egin dituzte egubakoitzero, eta, besteak beste, El Txef A, Lou Topet, Petti, Isuo Sasiia eta herriko orkestrako hari taldeak girotu dituzte gaztetxeko gauak. Maiatzaren 23an izan zen bosgarren edizio honetako azken kontzertua, eta, antolatzaileen esanetan, aretoa betetzea lortu zuten. Izan ere, gero eta arrakasta handiagoa du egitasmo horrek, eta bailaratik kanpo ere badu oihartzuna.
Irrati bidezko emisioa
Txapa Irratiak kontzertuen zuzeneko emisioak eman ditu egubakoitzero, eta, horri esker, kartzela zaharrera gerturatu ezin izan dutenei ere bertako giroaz gozatzeko aukera eskaini zaie. Gainera, Narbaizaren esanetan, entzuleek bakarrik ez, taldeek ere "asko eskertzen dute" kontzertuen grabazioak egitea, eta zenbaitek beren diskoak osatzeko erabili dituzte.
Aurrerantzean, zer?
Datorren urteko plangintzari buruz galdetuta, egitasmoaren formatuari eusteko intentzioa azaldu dute antolatzaileek, baina berrikuntzari ateak itxi gabe. "Aurtengo berrikuntzen arrakasta ikusita, agian beste musika estilo batzuk txertatuko ditugu, betiere erritmo lasaia mantenduz", adierazi du Narbaizak. Seigarren edizioaren antolaketarako gogotsu daudela ere esan du; edizio hori iritsi bitartean, baina, kartzela zaharra ez da geldirik egongo.