Aitor Olea: "Organoak dituen aukera guztiak aprobetxatzen saiatu naiz"

Imanol Gallego 2014ko mai. 19a, 11:40

Aitor Olea, San Pedroko organista.
Aitor Olea (Durango, 1969) San Pedro parrokiako organo-joleak, Orioko Bariko Nikolas Deunaren parrokiako organoaren doinuak jaso ditu duela bi aste kaleratu duen Euskal Herriko organoak diskoan. Oleak Baionan goi mailako organo ikasketak egin ostean, Euskal Herriko organo ugari jo ditu. Diskoaz eta organoez galdetu diogu.

Urte hasieran grabatu zenuen diskoa. Zergatik erabaki zenuen Orioko organoa erabiltzea?
Orioko Ausart Records diskoetxearekin batera hasi genuen proiektu hau. Euskal Herriko leku desberdinetako organoak grabatzen dabiltza beraiek. 2013an inauguratu zen Orioko organoa eta, hori aprobetxatuz, diskoa grabatzeko erabili genuen. Nik ere banuen organo hori probatu eta nola zegoen ikusteko gogoa, eta jo nahi nuena horretara egokitzea erabaki nuen.

Organo batekin lortu daitekeen soinua orkestra batekin lortzen denarekin aldera al daiteke?
Organoa tutuak dituen orkestra bat da, horiez osatuta baitago instrumentua. Orkestra batean mota desberdinetako instrumentuak daude. Soinu guzti horiek organoarekin lortzea ezinezkoa da, baina nolabaiteko antzekotasuna lor daiteke.
Organoa antzinako musikarekin eta elizarekin lotzen dugu sarri. Horri lotuta dagoen instrumentua baino gehiago da?
Hala da. Ezin da ukatu elizarekin loturarik duenik, XIII. mendetik hona bertan erabilia izan baita. Hala ere, organoaren inguruan ezjakintasun asko dago. Gauza bat da elizari zein zerbitzu eskaintzen dioen, baina, horretaz gain, organoarekin edozein konbinazio mota egin daiteke.

Jendeak organoa eta bere musikaren inguruan aurreiritzi asko ditu?
Aurreiritzia baino, ez jakintasuna dela esango nuke. Gehienentzat organoa elizarekin lotutako instrumentu bat da, eta neurri handi batean, horrela izan arren, instrumentu paganoa da. Organoa Kristo aurretik sortu zen, eta erromatarrek ere erabili zuten. Egun elizarekin lotzen den arren, Euskalduna bezalako kongresu jauregiek ere organo erraldoiak izaten dituzte.

Zure diskoan zein estilo edo musika da nagusi?
Historiako aro desberdinen eragina du diskoak, errenazimendukoa edota barrokokoa, adibidez. Euskal Herriko aro garaikideko idazleen influentzia ere badu. 70 minutuan eragin guzti horiek biltzea zaila da, baina organoak eskaintzen dituen aukerak ahal bezain beste aprobetxatzen saiatu naiz. Egia da historiari errepaso bat egin diodala, baina hori ez zen asmo nagusia.

Diskoan ahotsik sartu duzu?
Ez. Askotan organoa eta ahotsa eskutik doazen arren, oraingo honetan ez da horrela izan.

Konposatzaileak 'musika idazle' bezala aipatzen dituzu. Zergatik aldaketa hori?
Musika lengoaia bat da, musikak ez du hitzik erabiltzen baina istorioak kontatzen ditu. Nik unibertsala dela esango nuke, ez du itzulpen beharrik izaten, bere mezua zentzumenen bitartez jasotzen dugu-eta. Edozein partituratan aurkezpenak, gertakizunak, ondorioak... guztia ageri da. Musika eta literatura ez dira hain kontzeptu arrotzak.

Eta organoa, arrotza egiten zaigun instrumentu bat da?
Baietz esango nuke. Musika idazle famatu gehienek, Mozart, Bach... organorako obra handiak idatzi dituzten arren, jendeak oraindik ez du instrumentu honen aberastasun guztia ezagutzen.

Zuk musika idazle handiak aipatu dituzu, baina gurean ere horrela geratzen da? Euskal musika idazleak garrantzitsuak dira?
Oso garrantzitsuak direla esango nuke. Zerrenda ia amaigabea da: Estanislao Sudupe, Luis Urteaga, Aita Donostia... XIX. eta XX. mendeetako idazleen lana batez ere oso prolifikoa izan zen. Guztiek aberastasun handia duten obrak egin zituzten. Beste arlo batzuetan gertatzen den moduan, hemen ere, ez dakigu gurea saltzen. Esteban Elizondo arduratu da euskal obrak argitaratzeaz, baina ez dago kontsumorik, ziur nago, idazle horiek alemaniarrak izango balira, askoz ezagunagoak izango liratekeela. Euskaldunak gutxi izateak, ez du esan nahi txikiak garenik

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak