San Martin plaza herriko modeloen zain

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko mai. 10a, 10:06

Dena gertu dago gaur, zapatua, egingo den Bergara Bizi lehen moda erakustaldirako. 18:00etan, San Martin plazan, herriko 30 dendak baino gehiagok hartuko dute parte –ikus parte-hartzaileak ondoko taulan–; Bergara Bizi ekimenaren baitan diharduten bultzatzaileek, hain zuzen.

Herriko moda eskaintza zabalenaz gozatzeko aukera paregabea izango da gaurkoa. Herriko arropa, zapata eta osagarri dendek duten berriena erakutsiko dute, eta orrazkera eta makillajean dauden azken joerak ikusteko aukera ere egongo da.


Ume, gazte, gizon zein emakumeak goitik behera apaintzeko herrian dagoen moda eskaintzaren erakusleiho izango da, azken batean, Bergara Bizi lehen moda erakustaldia: "Gure dendetako hormak gainditzea da helburua. Bergara bizia dela eta eskaintza zabala duela erakutsi nahi dugu, adin, sexu eta gustu guztiendako", diote ekimeneko kideek. "Azken boladan, dendak zabaltzen ari dira herrian eta Bergarako merkataritza eskaintza gero eta zabalagoa da", gehitu dute.  

 

Hamar metroko pasabidea

T letraren formako hamar metroko pasabidea egokituko dute San Martin plazan, Udalaren laguntzarekin. Eguraldiaren arabera Udal Pilotalekuan egiteko aukera aztertu zuten arren, iragarpenak onak direla-eta plazan egitea erabaki dute.


10:00etan hasiko dira Bergara Bizi ekimeneko kideak pasabidea egokitzen. Udaletxetik Seminariorantz aterako da egitura eta udal brigadaren laguntzarekin muntatuko dute. Horrez gain, 500 bat eserleku ere jarriko dituzte, "herritarrek desfilea ahalik eta erosoen  ikusteko".
Modeloen kasuan, 70 bat herritarrek beteko dute zeregin hori. Bestalde, desfilea Aitziber Azkondo bergararrak aurkeztuko du eta bi zatitan banatuta egongo da. Erdian egingo den atsedenaldian, berriz, Camdem Town zumba taldeak erakustaldia egingo du.


Zozketak, amaieran

Desfilea dela-eta zozketa eta lehiaketa ere antolatu dituzte Bergara Biziko bultzatzaileek. Hain zuzen ere, zozketari dagokionez, aste osoan barrena, desfilean parte hartuko duten dendak txartelak ematen ibili dira bertan erosiz gero, eta zozketa desfilearen amaieran egingo da. Irabazleak 150 euroko bonua lortuko du herriko dendetan gastatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak