Olatz Etxeberria: "Hizkuntza bat ikasten dudanean, mundua ikusteko beste modu bat eskuratzen dut"

Jon Moñux 2014ko mai. 11a, 00:00
Olatz Etxeberria, keinu hizkuntzan 'Kaixo' esaten.
Olatz Etxeberria bergararra da eta 23 urte ditu. Itzulpengintza eta Interpretazioko azken urtea egiten dihardu Gasteizen. Euskara, gaztelera, ingelesa, italiera eta alemana ezagutzeaz gain, seigarren hizkuntza bat ikasten hasi zen orain urte batzuk. Astelehenetik eguenera Donostiara joaten da keinu hizkuntza ikastera. Azkenengo kurtsoan dago eta datorren urtean Madrilera joan nahiko luke, keinu hizkuntzako interprete izateko modulua ateratzera.

Zergatik erabaki zenuen keinu hizkuntza ikasten hastea?

Osabak errieta egin zidalako. Nire osaba gorra da, eta esan zidan: "Hamar mila hizkuntza ikasten zabiltza, baina oraindik ezin duzu nirekin hitz egin!". Errieta horrek presioa eta gogoa piztu zidan keinu hizkuntza ikasteko. Ohartu nintzen ez direla gorrak gizartean integratu behar direnak hitz egiten ikasiz, hori oso zaila edo ezinezkoa baita beraientzat. Guk ikasi behar dugu beraien hizkuntza, guk lagundu behar diegu integratzen.

Desberdina da keinu hizkuntza Bergaran, Parisen edo Moskun.

Herrialde bakoitzak bere keinu hizkuntza dauka. Espainiako kasuan, adibidez, bi hizkuntza daude, Espainiakoa eta Kataluniakoa. Eta Espainiako hizkuntzaren barruan, Euskal Herrian eta Extremaduran berdin hitz egiten dugun arren, badaude hitz batzuk aldatu egiten direnak, baina oso gutxi. 

Zer aldaketa ekarri dizu keinu hizkuntza ikasteak?

Nire osabarekin bere hizkuntzan hitz egin dezaket pixka bat. Lehen, ezpainak irakurtzen komunikatzen ginen. Berak azkenean hitz egiten du; izan ere, lehengo hezkuntzak hitz egiten erakusten zieten gorrei, eta ez keinu hizkuntza. Keinu hizkuntza ikasteak, gainera, beste errealitate batera hurbiltzea dakar. Azken finean, gorrak badaude, baina ez da besteak bezain agerikoa den urritasuna. Askotan, ez gara kontziente dituzten oztopoez.

Nola sentitzen zara ahotsa erabili beharrean keinuak eta eskuak erabiltzen dituzunean?

Askotan, oso arraroa egiten zait. Gogorrena, agian, aurpegiko espresioak erabiltzea da, ez bainago ohituta horretara. Eta keinu hizkuntzaren ehuneko handi bat espresioak dira, aurpegiarekin diozuna. Klaseetan, adibidez, teorian ezin dugu ahotsarekin hitz egin, baina, azkenean, errazenera joten dugu ulertarazteko. Lotsak ere eragin handia dauka hizkuntzaz aldatzeko orduan. Baina polita da. 

Jende asko animatzen al da keinu hizkuntza ikastera?

Geroz eta jende gehiago animatzen ari da. Euskal Gorrak asoziazioak Gasteizen, Bilbon eta Donostian eskaintzen ditu klaseak, eta Donostian, esaterako, bost edo sei talde egongo dira, eta talde bakoitzean hamar edo hamabi pertsona inguru daude. Hori bai, gehienak emakumeak eta hezkuntza bereziko ikasleak dira.

Keinu hizkuntzarekin lan egin nahi duzu interprete moduan?

Bai. Keinu hizkuntza ikasten hasi nintzenean ez nuen asmo hori, inolaz ere. Baina denbora pasatu ahala, geroz eta gehiago gustatzen zait. Keinu hizkuntzarekin lan egiten duten itzultzaile edo interpreteek zuzenagoko tratua izan ohi dute jendearekin. Itzulpengintza nolabait instituzionala ere  egiten duten arren, arlo soziala interesgarriagoa iruditzen zait.

Zerk erakartzen zaitu hizkuntzetatik?

Azken finean, hizkuntza bakoitzak atzean daukan dena gustatzen zait. Hizkuntza horren kulturan sartzen naiz, eta, hizkuntza bat ikasten dudanean, mundua ikusteko beste modu bat eskuratzen dut. Horregatik gustatzen zaizkit hizkuntza guztiak.

Eta zein da gustukoena?

Ezagutzen ditudanetatik, behintzat, alemana da gehien gustatzen zaidana, eta berriz hasi nahiko nuke ikasten. Inguruko guztiek diote zatarra eta zakarra dela, baina niri asko gustatzen zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak