'Kotxea garajean' programak aurreikuspenak gainditu ditu, baina hobetu daiteke, Bergarako Udalaren esanetan

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mai. 7a, 20:00

700 herritar inguruk sartu dute autoa garajean, urtarrilean programa martxan jarri zenetik. Erdialdean eta Bolu auzoan izan du ekimenak arrakasta handiena. Hala egin dutenek garajearen kontribuzioan %75eko hobaria lortuko dute; abenduan ikuskatuko dituzte parte-hartze datuak.

Bergarako kaleetan aparkatuta dagoen auto kopurua murrizteko asmoz, Kotxea garajean programa pilotua jarri zuen abian urtarrilean Bergarako Udalak, herriko garaje-jabeei zuzenduta. Horren bitartez, autoa kalean beharrean garajean uztearren, garajearen kontribuzioan %75eko hobaria lortzeko aukera dute jabeok.

Guztira, ia 700 garaje-jabek hartu dute konpromisoa euren autoa kalean ez aparkatzeko; parte hartzera deitutakoen %16k.

Parte-hartze zabalena izan duten eremuak Bolu eta Erdialdea izan dira, garaje-jabeen %21,7 eta %17,7 inguru batuta, hurrenez hurren. Aitzitik, Osintxun izan du arrakasta gutxien iniziatibak eta hiru garaje-jabe soilik (45 dira guztira) gehitu dira Kotxea Garajean programara.

Era berean, TAO bizilagun txartela dutenen artean ere jarraipena txikia izan da eta 20 pertsonak soilik hartu dute euren autoa garajean sartzeko konpromisoa –programan parte hartzeak ezinbestean suposatzen du txartel horri uko egitea.

Datuak, gunez gune

  • Osintxu: 45 garaje-jabe daude eta hiruk erabili dute eremu hori ibilgailua uzteko, %6,67k.
  • Angiozar: 32 garaje daude; eta lauk erabili dute (%12,5).
  • Erdia: 2.379 garaje; erabili 422 (%17,7).
  • Iparra: 814 garaje; erabili 84 (%10,3).
  • Bolu: 554 garaje; erabili 120 (%21,7).
  • Hegoa: 528 garaje; erabili 63 (%11,9).

DENERA: 4.352 garaje; erabili 696 (%16).

TAO bizilagun txartela dutenak 1.159 dira guztira eta 20k egin diote uko, %1,73k.

Irakurketa "positiboa", baina "hobetzeko modukoa"

Bergarako Udalak positibotzat jo ditu programa pilotu honek lortutako lehen emaitzak eta, bereziki, parte-hartzaile kopuruari dagokionean zifra esanguratsuak lortu direlakoan dago, aurreikuspenak gainditu baitira; izan ere, 400 atxikimendutan jarri zuen Udalak arrakastaren langa. Era berean, garaje-jabeek hartutako konpromisoarekin aurrera egin eta programarekiko atxikimendua erakutsi dutela nabarmendu du Udalak. Horregatik, euren inplikazioa eskertu nahi die.

Hala ere, Udalak behatu duenez, ezin daiteke baieztatu kalean aparkatutako auto kopuruak era esanguratsuan behera egin duenik, "ez behintzat desiratzekoa eta espero izatekoa zen neurrian". Zentzu horretan, bi arrazoi nagusi aipatu ditu: "Programarekin bat egin dute, batez ere, euren ibilgailua garajean sartzeko ohitura izan duten jabeek. Eta ohitura hori ez duten herritarren artean aldaketa eraginkorrak lortzeko era mailakatuan jardun beharra dago". Horiek horrela, programarekin aurrera egitea aurreikusten du Udalak, beste hiru urtez gutxienez, eta urtero egingo du parte-hartzearen balorazioa.

Hurrengo pausoak

Urte bukaeran, abenduan, ikuskatuko dira aurten programan parte hartu duten autoak, jarri zitzaien pegatina egoera onean dagoela konprobatu eta dagokien hobaria jaso ahal izateko. Hobaria, gainera, dirutan edo tokiko komertzioetan erosteko bonotan jaso ahalko dute garaje-jabeek.

Horrez gain, abenduan bertan berriz irekiko da programan parte hartzeko deialdia 2015 urteari begira eta, helburu horrekin, parte-hartzaile berriak lortzeko kanpaina jarriko du berriz martxan Udalak. Parte hartzeko interesa dutenek Udaltzaingoan izena eman behar dute. Programa guztiz boluntarioa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak