Beñat Rezusta: "Beste bikoteari aldea ateratzea lortu genuenean asko gozatu nuen"

Julen Aperribai 2014ko mai. 6a, 12:00

Beñat Rezusta, Bergarako Udal pilotalekuan.
Maila profesionalean urtebete ere ez du egin Beñat Rezustak (Bergara, 1993), baina dagoeneko lortu du lehenengo txapela. Erik Jaka aurrelari lizartzarrarekin batera Bigarren Mailako Binakako Txapelketa irabazi du. Zale ugariz inguraturik, Gorka Esteban eta Miguel Merino lau tantotan utzi zituzten Iruñeko Labrit pilotalekuan. Rezustarekin hitz egiteko aukera izan dugu, berak hain ondo ezagutzen duen Bergarako Udal pilotalekuan.

Ondo ospatu al duzu txapela?

Oso ondo. Partidua eta gero lagunekin afaldu nuen Bergaran bertan eta, aspaldi parrandarik egin gabe nengoenez eta Zumaian festak zirela aprobetxatuz, bertan ospatu nuen. 

Herrian harrera ofizialik egin al dizute?

Ez dut harrera ofizialik jaso, baina herritar ugariren babesa izan dut. Hirurogei pertsonaz beteriko autobus bat joan zen bertara eta sekulako giroa jarri zuten, eskertzekoa benetan. Inoiz ez dut horrelako egoera batean jokatu eta, egia esan, partidua hasi aurretik bergararrak ikusi nituenean aldageletara joan behar izan nuen urduriegi ez jartzeko. Beste bikotea animatzera ere jende asko joan zen. Kostatuko zait berriz ere horrelako giroan jokatzea. 

Ez zen oso partidu lehiatua izan. Gozatzeko aukerarik izan al zenuen?

Guretzako neurketa ederra izan zen. Jendeak beti nahi izaten du partidu parekatuak ikusi eta emozio gehiago egotea, baina guk gure aldetik gehiago ezin dugu eskatu. Hasieratik eroso sentitu ginen eta, beste bikoteari aldea ateratzea lortu genuenean, asko gozatu nuen. Uste baino errazago eta hobeto irabazi genuen. 

Finalean pilota biziak erabili zenituzten. Hobeto moldatzen al zara material mota horrekin?

Profesionaletan debuta egin nuenean kosta egiten zitzaidan pilota bizietara egokitzea, baina orain ohituago nago. Gai horri buelta asko eman zaizkio eta pilotak biziegiak zirela ere entzun dut. Biziak izan baziren ere, ez dut uste esaten den bezain azkarrak zirenik. 

Ez da ohikoena ezkerra eta atzelaria izatea. Ezaugarri bikoitz horren abantailak zeintzuk dira?

Garai batean atzelari ezkerra izatea ezinezkoa zela ere esaten zidaten, historian oso gutxi egon baitira. Aurrelari bezala probatutakoa naiz, baina ni beti sentitu izan naiz erosoago atzean. Eskuinera pilota botatzen didatenean gehiago kostatzen zait, baina marra ere hurbil egoten denez,  aurkariarentzat ere ez da erraza izaten. Ezker paretan ondo ibiltzen naiz, abantaila dut besteekiko-eta. Pentsatzen dut ikusi dela ezkerra izanda ere atzelaria izan daitekeela, bigarren mailan behintzat, eta oso gustura nago.

Erik Jaka izan duzu aurrelari. Zer moduzko bikotekidea izan da?

Ni berekin oso gustura ibili naiz. Profesionaletan debuta egin aurretik ere elkarrekin asko jokatutakoak ginen. Entrenamenduak   eta gimnasioko lanak ere batera egiten ditugu. Azken finean ordu asko dira batera eta hori igarri egiten da. Kantxatik kanpo giro ona dugu eta barruan ere islatzen da hori, ondo ulertzen baitugu elkar. Hori garrantzitsua da bikote batean. Binakakoa berarekin jokatuko nuela esan zidanean ilusio handia egin zidan eta are gehiago berekin txapela irabazi izanak. 

Pilota profesionalerako saltoa egin eta denbora gutxira irabazi duzu txapel hau. Lehenengo maila hurbilago ikusten al duzu orain?

Orain urtebete baino hurbilago ikusten dut aukera hori. Hala ere, pilotan ez da erraza lehenengo mailan debutatzera iristea. Partidu on bat egin eta gero badirudi nahikoa maila badaukazula, baina gero partidu txar bat eginez gero alderantzizkoa gertatzen da. Nik momentu honetan buruz burukoan daukat burua eta ez dut beste ezertan pentsatu nahi. Neurketak jokatu eta ahalik eta maila onena eman nahi dut. 

Eta txapelketa horretara begira nola ikusten duzu zure burua?

Aspaldian buruz buru ibiltzeke nago. Dagoeneko urtebete izango da modalitate horretan azkeneko partidua jokatu nuenetik. Aurretik ibilitakoa naiz hala ere. Euskal Herriko txapelketan eta buruz burukoan parte hartutakoa naiz eta nahikoa ondo moldatzen nintzen. Atzelaria izanda errematean  hasieran kosta egingo zaidala badakit, baina orain arteko entrenamenduetan ondo xamar sentitu naiz eta gogoz nago. 

Bestela, uda alderako zein asmo dituzu?

Orain arte partidu asko jokatzen ibili gara eta eskuek ez didate arazorik eman. Gogor entrenatu dut, baina udan partidu asko egoten dira herrietako festetan eta guri jartzen dizkiguten guztietan jokatzeko moduan izaten baldin banaiz pozik egongo naiz. 

Badirudi Debagoienean pilotak baduela harrobia. Zein uste duzu dela horren arrazoia?

Bai Bergarako eta baita bailarako gainontzeko herrietako pilota eskoletan lana ondo egiten ari diren seinale da hori. Debagoieneko txapelketa ere antolatzen da eta klubetatik pilotari gazte asko ari dira ateratzen. Jendea lanerako prest dago eta gazteak ilusioarekin daudenez emaitzak onak ari dira izaten. 

Inguruko pilotari batek txapela irabazi izana gazteentzat ere motibagarria izango da...

Pilota munduan dabiltzan gazteek ikusten badute beraiek bezala pilotan hasitako norbait txapel bat irabaztera iritsi dela, pilotan jokatzen jarraitzeko ilusio eta motibazio gehiago izan dezaketela pentsatzen dut bai. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak