Abuztuaren 22ko (20:00) emanaldia, gainera, oso berezia izango da, antzezlana bere sorlekura, Errekalde jauregira, bueltatuko da-eta. Garaiko obra askotan gertatzen den moduan, sainete hori beste antzerki baten barruan kokatzen den istorio komikoa da. Obra, gainera, hiru egileon kultura eta jakintza maila handia antzemateko aukera ezin hobea da.
Sainetearen sortzaileak diren hiru ilustratuek, gainera, benetako testuinguru batean oinarritzen den istorio horretan papertxo bat ere badute. 1773an, Xabier Maria de Munibe kondearen jauregian maskara festa bat antolatu dute. Kondearen ezusterako, festako gonbidatuek, musikari eta familiakoen laguntzarekin, broma bat egingo diote; une horretan hasiko da benetako obra.
Mozorrotuta dauden pertsonaiek beste pertsona batzuen itxura hartuko dute: dendari euskaldun bat, sasiletratu bat, Madrilgo erromes bat, Italiako apaiz bat... Pertsonaia horien artean, kondearen alabaren dantzek ere girotuko dute ezustez eta umorez betetako maskara festa berezi hori. Ia 250 urte dituen obrak ikusleen barreak eragingo ditu, eta obra sortu eta kokatzen den jauregian hura ikusteko aukera luxu hutsa da.
Oraindik ezin dira ikuskizunerako sarrerak erosi, baina, antolatzaileek diotenez, Donostiako Musika Hamabostaldiak jarriko dituen salmenta puntuetan eskuratu ahalko dira emanaldi horretarako txartelak.