Ikuskizun bat baino, elkarlan bat dela esan daiteke, parte hartzen duten artisten lanak oso ezberdinak diren arren, lan bakar bat sortzen dute-eta.
Taula gainean kaxa beltz bat soilik, sentipen eta sentsazioz bete beharreko kaxa huts bat, eta bere barruan, Rafa Rueda musikaria, Andoni Egaña bertsolaria, Arestiren ahotsa den Oier Guillan eta Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreak. Ikuskizuna definitzea zaila da, hura barneratzea eta gozatzea aldiz erraza. Lanaren alderdi bakoitza autonomoa dela iruditu arren, guztiak dauka garrantzia, eta guzti horrek gogora dakar Gabriel Arestiren obra.
Poetaren istorioa
Ikuskizunak badu hari bat, eta hori Alberdik eta Eliasek antzezten duten istorioa da. Antzerki bat da zatitxotan banatuta, eta bertan Eme liburuzainaren eta Lur poetaren arteko talka kontatzen du. Lezioen bitartez, liburuzainak jarraitu beharreko bidea erakutsiko dio poeta izan nahi duen gazteari, benetako idazle maisu bat izateko bidea. Elkarri laguntzen dieten arren, pertsonaia kontrajarriak dira, bata ameslaria eta bestea lurtarragoa. On Kixote eta Santxorekin gertatzen den moduan, zeharo ezberdinak diren bi pertsonaia hauek bidaia zirraragarri bat egingo dute. Kasu honetan baina, abentura bila irten beharrean, barreneko bidaia bat izango da, Lur gazteak, inspirazioa lortzeko, amets eta sentimenduen lurraldera egin beharko du salto.
Jabi Barandiaran zuzendari moduan izan duen obra honetan inprobisazioa eta gidoia tartekatzen dira, gaurkotasuna eta Arestiren idatzi intimistak tartekatuz. Egaña azken bertsoan musu batekin agurtu zen, "Bergaran besarkadak arriskutsuak direlako".