Gidoia Oier Guillan eta Andoni Egañarena da; ikus-entzunezkoak Alain Urrutiak egin ditu; musika, Rafa Ruedak; eta sorkuntza lagun, Xabier Monasterio izan dute.
Gabriel Arestiren pertsona eta haren lana eguneratzea du helburu ikuskizun horrek. Belaunaldi batzuentzat gogora ekartzea izango da; beste batzuentzat deskubrimendua.
Arestiren lekuak hartu dituzte horretarako ardatz. Bilbo, Baiona, Arantzazu, Atzerria, Ea… euskal literatura, euskal kultura… Eta bere izaeraren zein obraren alderdirik garrantzitsuenak lotzen dituzte leku bat edo bestearekin. Haurtzaroa, euskara ikasteko erabakia hartu zuen unea, bere justizia sozialarekiko kezka, obra literarioa, hainbat pertsonarekiko gutunizketa, euskara batuaren sorrera, bere ideologia. Beti ere, Gabriel Arestirik poliedrikoena azaldu nahian, bere lan oparotasuna, aktibismoak, eztabaidarako zuen joerak isla dute emankizunean.
Ordu eta erdi inguruko ikuskizuna da. Hainbat kultura adierazpide elkartuko dira oholtzan: musika, bertsolaritza, deklamazioa, ikus-entzunezkoak…eta bi pertsonaiek eramango dute kontakizunaren ardatza. Ikuskizunean denetik izango da, Gabriel Arestiren obraren pasarteekin batera, sortzaileek beren beregi emankizunerako sorturiko lan berriek osatuko dute mamia.