Bergarako epaitegian zegoen Espainiako bandera norbaitek kendu eta desagerrarazi ondoren, 20:30 inguruan, zenbait ertzain Bergarako gaztetxean "oso jarrera oldarkorrean" sartu zirela azaldu dute asanbladakoek, eta han, "inongo azalpenik eman gabe, zirkoa muntatu" zutela salatu dute: "Gaztetxea miatu, jendea identifikatu eta kolpatu" zutela esan dute.
"Denak kanpora atera eta banan-banan epaitegiko segurtasun-kameren aurretik pasa gintuzten, eta lehen planoko argazkiak atera zizkiguten", adierazi dute. Hori egin eta gero, "asanbladako kide bat" besteengandik banandu eta, "galdeketa egin ondoren", "atxilotuta eraman" zutela esan dute, handik ordu batzuetara aske utziz. "Bitarte horretan, tentsio uneak sortu ziren eta porrazoak egon ziren", asanbladako kideen esanetan.
"Guzti hau oinarririk gabeko eraso bat izan dela argi daukagu, horren adierazle da bandera aurkitu ez izana", gaineratu dute.
"Gorrotoa sormenera bideratu"
Horren aurrean, Kartzela Zaharra "askatasun gune" izaten jarraitzeko lanean segituko dutela berretsi dute, "sekula baino indar eta ilusio gehiagorekin": "Gorrotoa sormenera bideratu eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu gauzak antolatu eta parte hartzera, maiatzerako Egubakoitzak kartzelan eta ekainerako gaztetxearen 14. urteurreneko ekintzak bertan dauzkagu-eta!".
Eskerrak eman dizkiete plazako agerraldiarekin bat egindako herritar guztiei.