Bergarako Hezkuntzaren Mahaiak antolatutako ekintzen artean, egubakoitzero ikastetxe bakoitzaren jolas orduetan kontzentrazioak egitea izan da eta Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri Ez! lelopean elkartu izan dira.
Baina ez da ekimen bakarra izango. Hain zuzen, "LOMCEri aurre egiteko eta gure hezkuntza propioa eraikitze bidean herritar ororen inplikazioa" funtsezkoa dela iritzita, maiatzaren 15ean 19:00etan hasita, kultur etxean bilera irekia egingo dutela iragarri dute. Hala, Hezkuntzaren Mahaiko kideek herritar guztiei egin diete dei parte hartu dezaten.
LOMCErekin dasadostasuna
Protesten arrazoia zein den ere eman du aditzera Hezkuntzaren Mahaiak: "Urteetan zehar eskola inklusiboa, hezkidetzan hezten duena, hizkuntzen defentsan lan egiten duena, demokratikoa eta irakasleriaren baldintzak hobetzen dituena eraikitzeko egindako lan guztia ezerezean utzi nahi du PP-ren gobernuak eta Wert ministroak sustatutako Hezkuntza legeak".
Hala, ezinbestekotzat jotzen dute legearen aplikazioa ekiditeko zein behar eta gura den hezkuntza sistema egituratzeko pausoak ematea. "Nabaria da Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienon ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundeon erabateko aurkakotasuna hezkuntza erreformarekiko".
Hezkuntza komunitate sendoa helburu
LOMCE aplikatua izan ez dadin hezkuntza eragileak estrategia komunak eta bitartekoak lantzen ari direla ekarri dute gogora. "Urte honen hasieran egoera honekin arduratuta geunden herritar talde bat biltzen hasi ginen Bergarako Hezkuntzaren Mahaia osatu genuelarik. Zerarako? Bergaran hezkuntza komunitate sendo bat eratzeko". San Martin ikastetxea, Migel Altuna, Aranzadi Ikastola, Ipintza institutua eta Helduen Eskola daude nahasita hezkuntzaren mahaian.
Hala, LOMCEren aurka herri bezala erantzun gura diote, eta aurrera begira hezkuntza propioaren eraikuntzan alternatibak proposatzeko helburu dute.