Proiektu garrantzitsu honen parte diren talde ezberdinek euren taldekako dinamikak egin eta gero, hasierako ideia eta proposamen bilketa horren ostean, bateratze saioa egingo dute 18:30etan udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Azokaren proiektua bultzatzeko garaian, hito garrantzitsu bat da bateratze saio hau, ildo desberdinetako lan taldeetan egindako proposamenak ezagutu, partekatu eta gainontzeko taldeen aurrean azaltzeko aukera eskainiko du-eta.
Udalak aurreko saioetara gerturatu diren herritarrei gonbita luzatzeaz gain, bateratze saio ireki honetara, prozesu honen parte izan nahi duen edozein herritarri ere gonbita luzatu diete. Honekin, alde aurretik, talde bakoitzak pentsatu eta hausnartu dituen ideak ezagutu eta hobetu ahal izateko. Horrez gainera, antolatzaileek esan moduan, arratsaldekoa aurrez pentsatutako ideak bateratzeko saioa izan arren, proposamen berriak ere batu nahi dituzte.
Lehen sektorea
Apirilaren 1ean izan zen lehenengo sektoreko bigarren lan saioa. Lehenengo saioan adostutakoak sakondu eta zehazten jardun zuten parte hartzaileek, apirilaren 8an izango den bateratze saiora taldeko proposamenak eramateko asmoz. Horretaz gain, sektorearen egoera eta baldintzen berri ezagutzeko aukera ere eskaini zuen saioak.
Aztertu eta hobetu beharreko aspektuetako bat astegunetako jende jarioa areagotzea izan zen. Horretarako ekintza osagarriak txertatzearen ideia azaleratu zen. Herriko beste eragile batzuekin kolaboratzeko bideak ere aztertu zituzten.
Azokako aisialdi gunea
Martxoaren 15ean izandako Haurren Aisialdia: ezagutu, hausnartu eta parte hartu jardunaldian egindako talde dinamiketan Bergarako aisialdiaren inguruan hausnartzeko aukera izan zen. Aldez aurretik jasotako ezaugarriak aisialdi gunean islatzeko, planoen bidez, esparru ezberdinak ere finkatzen hasi ziren.
Esparru honek izandako partaidetza eta interesagatik, aisialdi gunerako bi lan saio egin dira: bata arratsaldez eta bestea goizez. Bikoizketa horri esker, guraso eta hezitzaile ugarik prozesu honetan parte hartzeko aukera izan dute.
Talde hauekin izandako bilerez gain, Oxirondo azokaren prozesuan, herriko merkatari eta beste kolektibo batzuek ere euren saioak egin dituzte. Udaletik adierazi moduan, azoka herriaren proiektu gako bat da-eta.