Joxe Arregi: "Barne askatasunak sor dezake serotonina eta alda dezake ekonomia"

Leire Kortabarria 2014ko api. 2a, 00:00
Joxe Arregi Arroa Behean bizi da gaur egun.
Joxe Arregi 1952an jaio zen Azpeitian. Parisen egin zen teologian doktore, eta arlo horretako irakasle izan zen 22 urtez, Gasteizko eta Deustuko fakultateetan. 2010ean, Munilla gotzainak teologia irakasteko, predikatzeko eta idazteko baimena kendu zion. Frantziskotar ordena eta apaizgoa utzi behar izan zituen, eta Arantzazutik Arroa Behera joan zen bizi izatera. Deustuko Unibertsitatean jarraitzen du irakasle, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean. Erlijio gogoetarako Hemen aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria izan zen, eta hainbat libururen egilea da.

Bergarako Mariaren Lagundian hitzaldia egingo duzu: Barrurako begirada, kanpo-aldaketen motore. Laburtu diezagukezu hitzaldiaren puntu garrantzitsuenak?

Izenburu hori proposatu zidaten, baina alderantzizkoa ere izan zitekeen: Kanpo-aldaketatik barne-begirada berrira… Kanpoak (familiak, harremanek, osasunak, hezkuntzak, ekonomiak, politikak, informazioak, hitz batean: kulturak) egituratzen du gure barrua, eta barruak egituratzen du kanpoa. Etxebizitzaren prezioek, lan-baldintzek, hormonek, serotoninak… aldatzen dute gure barnekotasuna, eta gure barne askatasunak sor dezake serotonina edo alda dezake ekonomia. Dena dago denarekin lotua. Izaki guztiok izadi bat egiten dugu. Kanpoak barrua behar du, eta barruak kanpoa. Egia esan, kanpoa eta barrua bat dira, errealitate beraren alderdi bi. 

Dena den, proposatu didaten ikuspegiari jarraituko diot nik, eta azpimarratuko dut zein beharrezkoa dugun barne-begirada, barne-lana, barne-arnasa edo espiritualtasuna... gizarte humanoago, baketsuago, harmoniatsuagoa egiteko. Kanpo-aldaketarik gabeko espiritualtasuna alienatzailea da, eta espiritualtasunik gabeko kanpo-aldaketa, azalekoa.

Zertan dabil, egun, Joxe Arregi?

Deustuko Unibertsitatean klaseak emanez irabazten dut ogia. Jakina, orain ez dut Teologia Fakultatean irakasten, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean baizik. Erlijioaren fenomenologia eta historiaren inguruko gaiak ematen ditut batik bat. Idazten ere saiatzen naiz. Euskaraz Hemen aldizkarian, Uztarria-n...; gaztelaniaz, Noticias taldeko egunkarietan hamabostean behin; katalanez Dialogal, erlijioen elkarrizketarako aldizkarian. 

Eta libururen bat noizean behin. Erlijio handietako oinarrizko idazki sakratuen (Korana, Bhagavad Gita, Dao De Jing...) euskal itzulpena bideratzen eta argitalpena prestatzen ere denbora asko eman dut azken urteetan (15 liburu badira dagoeneko Erlijioen jakinduria deitzen den bilduman, Ibaizabal eta Deustuk elkarrekin argitaratuak). Eta han-hemen hitzaldiak, erretiroak...

Interneten hainbat jarraitzaile dituzu eta aldiro-aldiro debateak sortzen dira zure artikuluen harira… Nola bizi duzu hori?

Duela hamar urte hasi nintzen asteroko gogoeta batzuk e-mailez bidaltzen eskatzen zidatenei. Gero, web orri batzuk (Humus, Atrio, Religión Digital, Feadulta...) hasi ziren idazki horiek jasotzen, eta hala jarraitzen dute. Baina blogetako eztabaidetan ez naiz sartzen. Hasieratik erabaki nuen komentario guztietatik erabat kanpo geratzea.

Nola hartzen dituzu zuk diozunarekiko desadostasun mezuak, kritikak…?

Jendearen kritikak, betiere, pentsarazi egiten dizu, ikuspegi berriak erakusten dizkizu, zabalago edo apalago izatera behartzen zaitu. Eta libreago izatera ere bai, aldi berean. Inor ez da egiaren jabe, inork ez du dena ikusten, elkarri entzunez egin behar da bidea, baina, horretarako, ezinbestekoa da nork bere buruarekin fedea izatea ere, besteekin bezalaxe.

Atrio webgunean, politikaren gaineko artikuluak ere argitaratzen dira. Elizako ordezkariak agente politiko izan behar dira, zilegi ikusten duzu?

Atrio erlijioari buruzko elkarrizketa-gune laikoa, anitza eta kritikoa da, eliza-erakundearekiko inolako mendekotasunik gabea. Eliza-ordezkariei dagokienez, agente politikoak izatea zilegi ote den? Mugak ezartzea oso zaila da. Agente politiko izan, denok gara era batera edo bestera, geure hautu eta hitz guztietan. Baita Eliza ere. Hori bai, Eliza ez daiteke inoiz alderdi politiko batekin lerrotu eta, Jesusen jarraitzaile bada, are gutxiago alderdi eskuindarrekin, gertatzen denez.

Nola bizi duzu euskal gizarteak, gazteek batez ere, erlijioarekiko duten indiferentzia edo, kasu batzuetan, aurkakotasuna?

Kultur aldaketa sakon batean murgilduak gaude, eta erlijio-erakunde tradizionalak ez dira jada sinesgarri. Gero eta nabarmenagoa da barnekotasun edo espiritualtasunaren egarria, bilaketa, baina duela milaka urte sortutako forma, sineskizun eta egiturek ezin dute ase egarri eta bilaketa hori.

Kristautasuneko dogmak eta erakundeak errotik berritu beharko lirateke, gure gizartearentzat inspirazio-iturri, arnas emaile izango badira. Munduaz aparte dagoen Jaun Goiko-aren, Izaki Goren baten irudia, esate baterako, eta horrekin dena. Zer esanik ez, eliza patriarkal, klerikal, hierarkikoa... Bihotzera bidea egin behar da. Jainkoa errealitatearen bihotza da.

Berriki, abortuaren gaineko gogoetak plazaratu dituzu. Abortu libre eta doakoa da jende askok eskatzen duena. Ados zaude?

Bizidun oro sakratua da, eta errespetu handia zor zaio. Baina kasu zail asko gerta daitezke, eta arazoa ez da konpontzen debekatuz eta zigortuz, edo eskumikua ezarriz. Gainera, iruditzen zait ezin direla berdindu egun bateko zigotoa, hilabeteko enbrioia eta lau hilabeteko umekia. Beraz, dagoen legea egokiago iruditzen zait, PPk ezarri nahi duena baino. Nolanahi ere, haurdun ez geratzeko hainbat medio erraz izanik, ez dakit jendeak nolatan ez duen ardura handiagoz jokatzen.

Ze hartu-eman (baldin baduzu) duzu gaur egun Munilla gotzainarekin?

Ez dut harremanik, baina ez arrazoi berezi batengatik, neure bizimoduak egokierarik eskaintzen ez didalako baizik, Arroa Beheko edozein kristauri bezalaxe.

Zer iritzi duzu Frantzisko I. Aita Santuaz?

Bere izaerak eta mezuak Ebanjelioaren arnasa itzuli digute. Eliza-giroa asko aldatu da, baina teologia, Eliza-eredua eta aginpide absolutua aldatzen ez baditu –eta zalantza handiak ditut aldatu ote ditzakeen–, lehenera itzul gaitezke.

Eliza katolikoak buru bat izanda, oso jarrera kontrajarriak daude. Nori egin beharko lioke kasu gaur egungo sinestun katolikoak?

Fededunak, gainerako elkarte eta arloetan bezala, Elizan ere pentsatzeko, esateko eta hautatzeko heldutasuna behar du: askatasuna, ardura eta tolerantzia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak