Botiken erabilera hobetzeko hitzarmena sinatu dute Bergaran

Jagoba Domingo 2014ko mar. 24a, 16:32

Bergarako Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak, etxez etxeko laguntza zerbitzuetan botikak hobeto erabiltzeko programa martxan jartzeko hitzarmena sinatu dute gaur, Bergarako Udaleko osoko bilkura aretoan.

Jaione Isazelaiak, Bergarako alkateak, eta Angel Garaik, Botikarien Elkargoko presidenteak sinatu dute hitzarmena, gainera Bergarako hainbat botikarien babesa izan dute. Izan ere, programa berri horrek, botikarien inplikazio handiagoa eskatuko du pazienteen asteroko dosiak zeintzuk diren jakin beharko dituztelako eta horiek kudeatu beharko dituztelako.

Etxez etxeko laguntza jasotzen duten gaixoentzat bideratutako programa izango da eta boluntarioa izango da parte hartzea. Programa abian jartzearen arrazoi nagusia, botiken erabilera desegokia da; izan ere, botiken erabilera egokia egitea funtsezkoa da gaixoen bizi kalitatea bermatzeko; eta kasu askotan hainbat arrazoi tarteko txarto erabiltzen dira medikamentuak. Horrek, osasun-kalteak ekar ditzake; batetik botiken eraginkortasuna murriztuta, eta bestetik, intoxikazioak edo epe ertain zein luzera begirako ondorio ezkorrak sortuz.

Programaren helburuak

Erabiltzaile batzuek, dosiak egoki erabili eta kontrolatzeko arazoak dituzte; eta horri aurre egiteko jarriko dute martxan programa berria. Hurrengoak izango dira programaren helburu nagusiak: gaixoei euren botikak ezagutu eta horiek nola erabili irakastea, errezetatutako botikak medikuak agindu moduan jasotzen laguntzea, tratamenduak betetzen laguntzea edo etxeko laguntzaile edo zaintzaileei lana erraztea.

Programan parte hartzeko, gaixoak edo euren ordezkari edo zaintzaileak, Bergarako Udaleko Ongizate Zerbitzuari izena eman beharko dute, eta zerbitzua zein farmaziatan jaso nahi duten zehaztu beharko dute. Ostean, parte-hartzea onetsita, farmazeutikoen txanda helduko zen.

Farmazeutikoak erabiltzailearen tratamendua aztertuko du sendagaiei dagozkion arazorik izan daitezkeen antzemateko, adibidez elkarreragina, bikoizketa edo dosi eta denbora tarte desegokia. Behin tratamendua egokia dela ikusita, botikariak  prestatutako aste osorako blisterra emango dio pazienteari, eta horrek medikamentuak egunen arabera eta dosien arabera antolatzen ditu. Horri esker, pazienteek, botiken dosifikazio pertsonalizatua egingo zaie, dosia modu egokian hartzeko argibideak emanez.

Botikarien inplikazioa

Dagoeneko Eskoriatzan eta Oñatin sistema martxan dago. Bergarako Udalekoak pozik agertu dira eta herriko botikarien prestutasuna eskertu dute; izan ere, programan parte hartu ahal izateko, botikek ziurtagiri bat beharko dute, eta botikarientzako lan gehiago suposatuko du. Gaurkoan, herriko sei botiketako ordezkariek babestu dute hitzarmenaren sinadura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak