Leire Ibarretxe: "Baratzean zenbat eta laborantza gehiago landatu, orduan eta arazo gutxiago emango ditu"

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko mar. 26a, 00:00

Leire Ibarretxe, nekazaritza bulegoaren sarreran, Bergaran.
Gipuzkoan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa sustatzea helburu duen elkartea da Biolur. Bergaran du egoitza nagusia. Leire Ibarretxe da hango teknikarietako bat.

Udaberrian gaude. Lurra prestatu eta landatzeko garaia heldu da?

Eguraldiaren arabera. Baina bai, sasoia oraintxe da. Lurraren tenperaturak gora egin ahala, lurra girotzeko garaia da, bai. Bai nekazaritzan bai albetzaintzan, ongarri lanak egiteko, adibidez.

Nola prestatu lurra? Zer egin behar da horretarako?

Jardueraren arabera, prestaketa modu batekoa edo bestekoa izango da. Dena dela, garrantzitsuena da lurra girotua egotea. Horrek esan gura du lurreko bizitza mikrobianoa martxan hasi dela eta hori gertatzen da lurra ez hotza ez oso bustita dagoenean. Hori errespetatzea oso garrantzitsua da; bestela, lur hori ez dago girotuta. Askotan egiten den akatsa da hori, girotu gabeko lurra landatzea.

Lurra girotuta dagoenean aitzurtu eta ongarri mineralak beharko balitu, horiek eman. Kareztatuz gero, baina, hilabete itxaron behar da konposta edo zimaurra botatzeko.

Eta sasoian sasoikoa gero?

Bai, hori da. Orain patatak, tipulak eta tipulinak; martxo bukaeran letxugak, udaberriko espinakak, kogolloak, azelgak edo erremolatxak, adibidez, eta maiatzean etorriko da landare zorrotzenak sartzeko garaia: piperrak, tomateak, kalabazak, kalabazinak, lekak eta babak, esaterako.

Nola mantendu baratza?

Landatu berri horretan, belarra zaindu. Garrantzitsua da belarrak ez itotea landarea, eta behin indarra hartuta, ez dago sekretu handirik. 

Zertara joaten dira herritarrak Biolurren elkarteko bulegora?

Bi bazkide mota ditugu: batetik, baserritarrak direnak, ekoizpen ekologikora dedikatzen diren profesionalak eta ez profesionalak. Eta bestetik, etxerako baratza duten herritarrak.

Lehen bazkide motari arreta gehiago eskaintzen diegu. Hau da, arazoren bat badute aholkularitza zerbitzua ematen diegu baina taldeko lana ere egiten da eta lan ildo nagusiak finkatzen laguntzen diegu. Bestalde, etxerako baratza dutenak ere etortzen dira eta horien kezkak, normalean, telefonoz edo e-postaz lantzen ditugu.

Zeintzuk izaten dira lehen taldekoen kezka nagusiak?

Baratza dutenak ez ezik, abeltzainak, frutazainak eta okinak ere baditugu Biolurren, taldeka antolatuta. Ni neu baratza lantzen dutenekin egoten naiz batez ere, eta horien kezka nagusiak dira landare eta hazi ekologikoen horniketa lortzea, adibidez. 

Ze zerbitzu eskaintzen die Biolurrek?

Aholkularitzaz gain, formazioa ere ematen diegu. Adibidez, negutegiak nola kudeatu ikasteko formazioa antolatu dezakegu edo baita etxean haziak nola lortu ikastekoa ere. Bestalde, euren kezka orokorren gaineko pautak ere ematen dizkiegu eta gaitz konkreturen bat nola tratatu esan ere bai, tratamendu ekologikoarekin beti ere, noski. 

Zer da tratamendu ekologikoa?

Saiatzen gara oinarria ondo egiten, baina arazo konkreturen baten aurrean eman beharreko tratamenduak ere lantzen ditugu; naturalak, hori bai, ez kimikoak. 

Debagoienean, askok egiten dute ekoizpen ekologikoaren alde?

Batez ere baratze ekologikoaren alde egiten dutenak, inbertsio gutxiago eskatzen duelako.

Natura ahalik eta ondoen zaindu gura duten herritarrak dira ekoizle hauek, eta formazioari garrantzi handia ematen diotenak.

Ekoizpen ekologikoari errezeloak diotenak ere badaude.

Ekoizpen ekologikoa ez da arraroa den zerbait. Oinarriak ondo betetzea da, eta sistema biodibertsifikatuak erabiltzea. Modu horretara, arazo gutxi egoten dira. Urte guztian baratzean hiru laborantza jarri edo 30 jarri, ezberdina da. Manejatzen zailagoa izan daiteke, baina arazo gutxiago ere emango ditu.

Baserritarren sektorea ahula da, orokorrean, eta kutsaduraren inguruko arazoa globala da. Eta zer egin dezakegu, kutsatzen jarraitu edo norberak norberanetik apurtxo bat jarri?

Badago produktu ekologikoak kontsumitzeko ohiturarik gurean?

Baratzeko produktuetan batez ere, bai. Abeltzaintzako jakiena ere bai, baina horien salmenta konplikatuagoa da. Orain sortu den Erein da Jan egitasmoa ere erakusleiho ona da.

Nola ikusten dituzte administrazioek produktu ekologikoak?

Ez da euren erabateko apustua baina aurrerapenak egin dira.

Zer da Ekolapiko proiektua?

Ekolapiko, bertako eta sasoiko elikagai ekologikoak menu orekatu baten bitartez ikastetxeetako jangeletan txertatzeko egitasmoa da. Egun Gipuzkoako 9 ikastetxetan txertaturik dago eta ikastetxe hauek hornitzeko 12 ekoizle ekologiko arduratzen dira. Baratzezainak, abeltzainak eta okinak; guztiak Biolurreko kideak. Helburua da bertako produktu ekologikoa bertan kontsumitzea, ekologikoen kalitatea azpimarratzea eta elikadura ekologiko bat hemen bertan aurrera eramatea posible dela erakustea. Familiekin gainera sentsibilizazio jarduerak egiten ditugu, hitzaldi sukaldaritza tailer edo ekoizleen baserriak bisitatuz. 6-7 urtetako ibilbide honetan, balorazio positiboa egiten dugu.

Zer egin behar du bailarako ikastetxe/lantegi batek zerbitzu hori emateko?

Ikastetxeetara bideratuta dago. Baldintza bat da sukalde propioa izatea eta honen kudeaketa ikastxearen esku izatea. Gurekin berba egitea da egokiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak