Maite Aristegi: "Agintari batekin eseriko nintzateke mahaiaren bueltan; Rajoyrekin-edo"

Leire Kortabarria 2014ko mar. 26a, 16:00

Maite Aristegi, ekitaldi politiko baten.
Baserritarra da Maite Aristegi, eta, azkenaldian, Bergara eta Madril artean bizi da, Espainiako Diputatuen Kongresuko kide bihurtu zenetik Amaiur koalizioarekin.

Zelakoa da Maite Aristegi?

Pertsona alaia, baikorra eta langilea.

Ze harreman daukazu sukaldearekin?

Harreman handia. Jatea asko gustatzen zait eta prestatzea ere tokatzen zait. Baserrian, aspalditxoan neu naiz etxeko sukaldaria.

Zein da zure espezialitatea?

Etxeko, betiko sukaldaritza. Amarengandik ikasitako hori, betiko lapikoko eta landutako sukaldaritza mota hori, nahiko klasikoa. Etxeko ortuko gauzekin egiten ditugu gauza asko, sasoian sasoikoa. Beste gauza berri eta modernoago batzuk ere sartzen goaz.

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena, eta non?

Niretako ez dago jateko gauza txarrik, eta tokia baino garrantzitsuagoak pertsona, giroa eta ingurua dira. Erraz konformatzekoa naiz eta konpainia izaten da jaten denaren bestekoa; eta toki asko gustatzen zaizkit. Nahiko gauza senzilloa izango litzateke.

Eta etsairik handiena, zertara?

Ez nuke gonbidatuko! Gustura ez bazaude, janaririk onena ere ez da ondo asentatzen.

Gustura zeinekin jesarriko zinateke mahaiaren bueltan?

Benetan agintzen duen batekin, egoerari buelta eman ahal liokeen batekin, berba egiteko. Gobernuak daukan atzera begirako postura eta mendekuzaletasun horri buelta emango liokeena eta beste bide baten jarriko litzatekeen norbaitekin; ez dakit Rajoy edo besteren bat izango litzatekeen.

Zergatik animatu zara politikari izatera eta, gainera, Madrilen?

Norbera animatzea baino gehiago, "istripuak" izaten dira hauek. Herriari ahal dudana emateko dihardut, nahiz eta zaila izan eta askotan mundu hura oso urrutikoa iruditu, baina izugarrizko eragina du gure egoeran.

Politikarien artean ematen duen adinako giro txarra dago?

Pertsona batzuk ez dira batere hurbiltzen, baina, orokorrean, abegikortasuna dago, pertsonen arteko tratua. Elkarrekin hitz egin behar dugu.

Zein miresten duzu politikan?

Inongo errekonozimendu publikorik gabe, auzoan, eskolan, herrian, txindurri-lana egiten duten pertsona asko miresten ditut.

Politikari edo baserritar ez bazina, zer izango zinateke?

Pertsonen zaintzarako zer edo zer: erizaina-edo. 

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute... 

Maite ditudan guztien zoriona eta osasuna, gure herriak behingoz edukitzea aukera izan nahi duena izateko eta bere iraupenerako; eta mundu osoan dagoen injustizia bukatzea eta denok hobeto egoteko aukerak zabaltzea.

Damu zara…

Ez daukat damu handirik. Bizitzaren zati dira egindako gauzak.Zerk beldurtzen zaitu?

Osasuna galtzeak. 

Lanetik irten, etxera iritsi, sofan eseri eta…

Sofan jesartzeko asti handirik ez dut izaten. Faltan igartzen dut pentsatzeko asti luzeagoa izatea. Inoiz pentsatzen dut adin batera iristen ari garela eta bagoazela aurrera. 

Nora egingo zenuke ospa gustura?

Kanadara joan eta hilabete pasatuko nuke. Munduko toki asko eta bertako pertsonak gustura ezagutuko nituzke.

Ze aholku konpartituko zenuke?

Zoriontsu ez izateko mila arrazoi dauden arren, ahal den neurrian, bilatu zoriontsu izateko arrazoiak, eta laga besteei ere zoriontsu izaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak