"Txalaparta ikastaro asko ematen ditugu, baita Madrilen ere"

Leire Kortabarria 2014ko mar. 25a, 00:00

Ion Garmendia (lehen planoan) eta Iñaki Plaza, Kepa Calvo kolaboratzailearekin Oñatiko gaztelekuan.
Musika eskolak antolatu duen ikastaroa Ion Garmendia ibarrarrak eta Iñaki Plaza orduñarrak emango dute. Biak bikote dira txalaparta jotzen, eta esperientzia handia dute eskolak ematen. Txalapartaz gain, beste musika-tresna asko jotzen dituzte. O+Hatz proiektu didaktikoa daukate, eta bikote gisa zein Kepa Junkerarekin diskoak egin dituzte.

Musikari izateaz gain, baduzu eskarmentua eskolak ematen, ezta?
Bai. Biok gara irakasleak lanbidez, eta ikastaroak betidanik eman izan ditugu, Euskal Herriko leku askotan eta kanpoan. Adibidez, Madrilen 4-5 urte daroagu ikastaroak ematen. Bestalde, kontzertu didaktikoak ere egiten ditugu. Txistua, alboka, panderoa… ere jotzen ditut, eta Iñakik, trikitia, perkusio piloa…

Bergaran lehen aldia duzue, ezta?
Oker gogoratzen ez badut, bai, lehen ikastaroa izango da. Debagoienean kontzertu didaktikoak eman ditugu, baina Bergaran lehen aldia izango da, bai.

Ze ikas daiteke egun bateko ikastaroan?
Txalapartari buruzko azalpen orokorra emango dugu, eta jotzeko orduan kontuan hartu beharreko gauza batzuk, txalapartak badituelako berezitasun batzuk; nagusia da biren artean jotzen dela. Beraz, jendeak ulertu ahal izango du kontzertu orokor bat zer den, eta pixka bat praktikatu ahal izango du. Izena ematera animatu dadila jendea, eta ea etortzen direnei jarraitzeko gogoa pizten zaien!

Txalaparta batzuk ere erakutsiko dituzue, ezta?
Bai. Nagusiki, egurrezkoa erabiliko dugu, baina, bitxikeria gisa, harri batzuk ere eroango ditugu, jendeak ikus dezan ze material mota erabiltzen den.

Madrilen, zelako jendea joaten zaizue?
Denetarik dago: Madrilen bizi diren euskaldunak daude, baina gehienak Euskal Herriarekin inongo zerikusirik ez duten madrildarrak dira. Beste barik, txalaparta ezagutu dute eta ikasi nahi dute. Izan ere, azken urteetan dezente zabaldu da txalaparta, penintsulan eta mundu osoan, eta jende askok ezagutzen du, guk ezetz uste arren.

Izenemate epea zabalik da aste osoan

Hilaren 29an, zapatuan, bukatuko da Musika Eskolak antolatu duen txalaparta ikastaroan izena emateko aukera. Hasiera mailakoa da, eta apirilaren 5ean izango da; egun bakarrekoa, hortaz. 10-16 urte arteko taldea eta adin horretatik gorakoena izango dira. Musika eskolako bazkideendako, 6 euro da matrikula; besteendako, 7 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak