Udal bidegorri sarearen gaineko herri batzarra deituko dute Bergaran

Leire Kortabarria 2014ko mar. 24a, 00:00

Labegaraietako bidegorrian, bizikletan.
Oraingo agintaldian, bidegorri saretik ahal den zati handiena eginda utzi nahi du udal gobernuak, eta, asmo horrekin, batetik, Foru Aldundiari eskatu dio berari dagozkion bi tramu garrantzitsuak lehenbailehen has ditzan eta, bestetik, herrian falta diren tramuei ekiteko, parte-hartze prozesua hasiko du, herritarrak batzar batera deituta. Apirilaren 7an egin nahi du batzar hori Udalak.

"Daukagun aurrekontuarekin, ezin izango diegu Bergarako behar guztiei erantzun, baina handiena egiten saiatuko gara", dio Udaleko Lurralde Antolamenduko batzordeburu Joseba Moñuxek.

Foru Aldundiko eta Udaleko ordezkariak joan den astean batzartu ziren. Bertan, Foru Aldundiak Udalari asmoen berri eman zion eta Udalarekin kontrastatu zuen hori. Bi tramu daude egiteke. Batetik, Beasain-Durango autobideko lanak aprobetxatu nahi ditu Bide Azpiegitura foru sailak Antzuola eta Bergara arteko tramua egiteko. Moñuxek dioenez, "Aseginolazaraino ailegatuko zen tramu hori, eta hortik aurrrera zelan sartu lantzen dabiltza". Aurtengo bukaeran edo 2015 hasieran ekin nahi diete lan horiei.

Beste tramua Elorregitik Labegaraieta artekoa da, eta Labegaraietan, dagoeneko eginda dagoen zatiarekin lotuko da. Tramu hori ere oso garrantzitsua da, Moñuxen esanetan, izan ere, "horrela, Bergara, Arrasate eta Oñati bidegorriz lotuta geratuko dira".

Batzordeburuaren esanetan, tramu horiek ez dute aparteko zailtasun teknikorik eta "nahiko definituta" ditu Foru Aldundiak. "Erabaki behar dute Tavesa aldeko zatitxoa nola egin, bi edo hiru aukera daudelako; bestalde, San Antonio aldean bidea estu samarra da eta hor ere bi aukera daude". Edozein modutan, tramu hori ere aurtengo bukaeran edo datorren urte hasieran hasi nahi du Aldundiak.

Bi tramuak ere 4 kilometro eskasekoak dira.

Dirulaguntzak eskatu dituzte

Herriko sarea Udalari dagokio eta hori ere osatzen joan nahi du udal gobernuak: "Tramutxo batzuk konpontzeko gelditzen zaizkigu. Bat azoka pareko tramua da; dirulaguntza batzuk eskatu dizkiogu Jaurlaritzari. Eta Lorentxoko aurretik jarraitzeko ideia batzuk badauzkagu, baina aurrekontuaren arabera ikusiko da zer egin daitekeen", dio Joseba Moñuxek.

Herriko tramuak nola osatu oraindik ez du erabaki Udalak, izan ere, herritarren ideiak eta proposamenak jaso nahi ditu. Horretarako deituko du bilera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak