Eguerdi inguruan hasi da kale-bilkura, Biltokiko pabilioiaren ondoan. Despilfarroa gelditu. AHT ez! leloa zuen pankarta erakutsi dute han batutako lagunek. Kale-bilkura isila eta lasaia izan da, eta, hasierako uneetan, Ertzaintzak begiratu du ekitaldia, baina handik pixka batera, joan egin dira ertzainak.
AHT Gelditu! Elkarlaneko Mila Elortza angiozartarrak AHTn erakundeek dirutza inbertitzen jarraitzea salatu du, "osasunetik, kulturatik eta hezkuntzatik" herritarroi kenduta. Bere esanetan, "gezurra da AHTren zati handiena eginda dagoela", baina bultzatzaileek "hori sinistaraztea lortu dute".
AHTk hasieran euskal gizartearen aldetik izan zuen erantzuna gaur egun apaldu edo neurri handi baten isildu izanarengatik pena azaldu du Mila Elortzak, eta honakoa esan du: "Jendeak beldur handia dauka; beste eredu baten alde lan egin beharrean, jendea beldurtuta dago, eta hori da [AHTren bultzatzaileek] duten erreminta handiena jendea etxean geldi dadin". Edozein modutan, berriz ere kalera irteteko beharra ikusi du AHTren aurkako mugimenduak, eta, Bergarako gaurko ekitaldiaz gain, Nafarroan ere protesta ekitaldi bat izan da, orain dela gutxi Ficoban egin zen beste bat, eta horretan jarraitzeko asmoa agertu du Elortzak: "Egunero ari gara bueltak ematen ea nola gizartea informatu, benetan medioetan agertzen dena ez dela egia guztia, egia asko dagoela atzean, eta informatuta egotea premia dela".