Alde batetik, martxoaren 21an, 19:00etan hasita, Joni D. idazle katalana egongo da liburutegian. Bere azken liburuaren gaztelaniazko itzulpena aurkeztera dator, Grupos autonómos deiturikoa, hain zuzen. Izen hori jarri dio Pasaiako "sarraskian" hildakoak Komando Autonomo Antikapitalistetako militanteak zirelako.
Bestalde, gauean, 22:30ean, hardcore doinuek beteko dute Bergarako kartzela zaharra (gaztetxea). Alde batetik, Bartzelonako Reves taldeak (Rabia Positiva taldeko kide ohiak) joko du, eta beste alde batetik, Drop aretxabaletarrak. Sarrera 3 euro kostako da.
Liburuaren nondik norakoak
- 1973ko irailean MIL organizazioa desegin zuten, baina eraso hark ez zuen mugimendu autonomo armatua desagerrarazi, "indartu baizik". Puig Antichen exekuzioa saihesteko ekintzak eta hil ostean "amorrua adierazteko egin zirenak" oso arin zabaldu ziren.
- "Olla eta Gari desegin eta urte batera diktadorea hil zen". Handik gutxira, "diktadura faxista baten kontra borrokatzetik demokrazia kapitalista eta Monarkikoaren kontra borrokatzera igaro zen". Garai hartan, Espainiako Erregeak "Mugimendu Nazionalaren Oinarriak eta Konstituzioaren zina egin zituen, PSOEk marxismoa alde batera utzi zuen, PCEk Errepublikanismoa baztertu eta Kapitalak espainiar estatuko gizartea sozial eta ekonomikoki zapaltzen amaitu duen sistemaren oinarriak ezarri zituen. Borrokak hamar urte inguru iraun zuen 1984an azken talde aktiboak desegin zituzten arte".
Liburu honek, "trantsizio demokratikoa" deiturikoaren aurka matxinatu ziren talde haiek osatzen zituzten gazteengana hurbiltzen gaitu, bizi izan zuten testuinguruarekin batera: "kontrakultura, langile autonomia, klandestinitatea eta errepresioa".
Enrique Casas, PSOEko senataria
Komando Autonomo Antikapitalistek, besteak beste, Enrique Casas senatari sozialista donostiarra hil zuten, bere etxean, 1984ko ostailaren 23an, Pasaiako gertaera hura baino hilabete eskas lehenago.