Gai bakoitzeko bilketa datu zehatzak eskuratu bitartean, Udalak adierazi du, oro har, herritarrek bete dituztela hondakinak uzteko irizpideak. Horri esker, gaika bildutako hondakinen kalitatea bermatu da eta Bergaran bereizita batu diren hondakinek beren ibilbidea egin dute inongo oztoporik gabe.
Esan bezala, datu bilketa zehatzak izan bezain pronto jakinaraziko dituzte, baina dagoeneko aurreratu dituzte bi: errefusari dagokionez, 45.940 kilo jaso dira otsailean, iazko hilabete berean baino 250.615 kilo gutxiago. Iaz 296.555 kilo batu ziren; beraz, %84,5 jaitsi da errefus kopurua, Udalak emandako datuen arabera. Organikoari dagokionez, 88.710 kilo batu dira otsailean.
Hobetzeko arloak
Edonola ere, badira hobetzekoak Udalaren esanetan: horien artean dago "bizilagun batzuek lekuz kanpo, orduz kanpo eta poltsetan utzi izana euren hondakinak, batez ere hondakinak gaika biltzeko edukiontzien inguruan, lurrean". Horrek, batetik, hondakin biltzaileen lana zaildu du Udaletik aurreratu dutenez, horiek ere jaso behar izan dituztelako, eta, barruan zer zegoen jakitea ezinezkoa zenez, guztiak errefus legez tratatu behar izan dira. Gainera, lekuz kanpo utzitako poltsa horiek animaliekin arazoak sortu dituzte.
Jokabide ezegoki horiek bukatzeko, bi neurri hartuko dituzte Udalak eta Mankomunitateak: batetik, aurrerantzean, ez dira jasoko desegoki ateratako hondakin poltsak, eta, hain zuzen, jarrera desegokia salatuz pegatina bat jarriko zaie; bestetik, hondakinak era desegokian ateratzen dituzten bizilagunei txostena ireki eta jarraipen pertsonala egingo zaie.
Lehenengo informazioa
Behin baino gehiagotan ordezkariek azaldu duten moduan, isunetara iritsi aurretik, informazio gehiago eta pertsonalagoa ematen saiatuko dira. Ohitura desegoki horiek hartu dituzten herritarrei ere dei egingo zaie hondakinak dagokion ordutegi, egutegi eta formatuan ateratzeko eskatuz. Horretarako laguntza behar badute Hondakin Bilketa Selektiborako Informazio Bulegoarekin kontaktuan jartzera gonbidatzen ditu Udalak, bertako informatzaileak herritarrei laguntzeko baitaude.
Udaletik hauxe zehaztu dute: "Denon inplikazioarekin eta elkarren eskubideak errespetatuta lortuko dugu Bergara guztiok nahi dugun bizileku atsegina izatea".