Iñigo Alberdik 2006ko martxoan hartu zuen bere gain Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendaritza nagusiaren erantzukizuna eta, kudeaketan zein egitasmo berriak martxan jartzen "biziki lan egin ondoren, betetzat ematen du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaritzan emandako aroa".
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Iñigo Alberdik honen kontratua aurtengo denboraldiaren amaiera arte luzatzea adostu dute, errelebua modu planifikatuan egin dadin.
Gaur hartu du erabakia Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Administrazio Kontseiluak, haren egoitzan, Donostian.
Duela 32 urte sortu zenetik, Euskadiko Orkestra Nagusiak lau zuzendari nagusi izan ditu. Lehenbiziko aldian, 1982tik 1986ra, Imanol Olaizolari egokitu zitzaion euskal orkestra martxan jartzea. Ondoren Elias Elorza izan zen zuzendari nagusia hamar urtetan, 1986tik 1996ra. Erakundearen hirugarren zuzendari nagusia German Ormazabal izan zen, 1996tik 2005era bitartean. 2006an Iñigo Alberdik hartu zuen lekukoa eta orain, zortzi urteren buruan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusi izateari utziko dio.
Jeltzale eta sozialistekin
Iñigo Alberdi, Miren Azkarate (EAJ) Kultura sailburu zela hasi zen Orkestran, zuzendari nagusi, eta Patxi Lopezen legealdian, Blanca Urgel Kultura sailburu zela, karguan jarraitu zuen. Behin EAJk agintea berreskuratuta, 2012an, EOSen jarraitu du.
Kultura zinegotzia ere izana da Bergaran, Victoriano Gallastegi (EAJ) alkate zela.
2013. urteko jarduera
Iñigo Alberdiren kontratuaren luzapena eta errelebua berresteaz gain, Administrazio Kontseiluak 2013. urteko jardueraren datuei oniritzia eman die. Urteko emaitza orokorren artean nabarmentzekoak dira:
- Jarduerak: 151 jarduera. Ondorioz, Euskadiko Orkestraren presentzia 2 egun eta erditik behin ematen da formatu ezberdinetan. Jarduera hauek eman dute: 50 Abonu kontzertu; 16 Miramongo Matinée, Klasikat zikloaren baitan, Ken Zazpi talde gonbidatua izanik; 5 kontzertu, Bordele, Madril eta Santanderreko Jaialdira irtenaldiak; Versailles-eko Opéra Royal-en estreinaldia Malandain Ballet Biarritzekin batera; Donostiako Musika Hamabostaldia; Bilboko Opera Denboraldia OLBE; lau disko-grabaketa eta abarr. Horretaz gain, Musika Gelak, haur, familiarteko eta hezkuntza arloko entzulegoari zuzendutako jarduerak biltzen dituen atal handiak 2013. urtean 7.323 ikus-entzule bildu ditu.
- Abonuak: Orkestrak 6.793 abonu ditu egun, 7.000 abonuen inguruan mantenduz; honek bere historian izan duen abonu kopuru handienarekiko %3ko beherakada suposatzen du.
- Ikus-entzuleak: 2013. urtean 139.500 ikus-entzule izan ditu guztira.