"Merkatua biziberrituko duen alokairu soziala sustatzeko asmoa dugu"

Imanol Gallego 2014ko mar. 6a, 09:48
Agintaldia erdialdean dagoen arren, Jaione Isazelaiak duela zortzi bat hilabete hartu zuen alkate kargua. Lehen hilabete hauetako balorazioa oso positiboa dela aipatu du Isazelaiak. Bere agintaldia kontinuistatzat jo, eta aurreko agintaldian garatutako Plan Estrategikoaren garrantzia azaldu du alkateak.

Aurrekontuetan azpimarratu duzuen moduan, aurreko urteetako aurrezpenei esker, garapen eta inbertsioek pisu handiagoa izango dute.

Aurreko bi urteak ez dira errazak izan, aurrekontuak orekatzeko gastu arrunta murriztu behar izan genuen-eta. Eskerrak eman beharrean gaude: udal langileei, azpikontratatutako enpresei... Talde esfortzu horri esker, garapenari eta inbertsioei bultzada emateko moduan gaude.

Zertan eta nola lortu duzue aipatutako aurrezpen hori?

Ur kontsumoaren gastua minimo historikoetara jaitsi dugu; besteak beste, sarean genituen galerak murriztu, kontsumo ilegalak detektatu eta udal eraikin guztietan uraren erabilera efizienteagoa bultzatu da. Argindarraren gastuan 70.000 euroko jaitsiera izan dugu. Hori lortzeko, argindarra erosketa zentraletik erosi, udal argiterian beharrezkoak ez ziren hainbat farola itzali eta beste hainbaten led argiteria jarri dugulako izan da. Udaleko hainbat zerbitzu erosketa zentralaren bitartez erosi ditugunez, emaitzak esanguratsuak izan dira. Mizpirualde egoitza, esaterako, pixkanaka, Aldundiaren eskuetara pasatuko da, aurten Udalak egin duen ekarpena 90.000 euro  murriztu da. Bestalde, oso garrantzitsua izan da zorra jaistea; zenbat eta zor txikiagoa, interesak ere orduan eta txikiagoak dira-eta. Agintaldiaren hasieratik 2.650.000 euro murriztu dugu hartu genuen mailegua. 2013an krediturik eskatu ez dugunez, 1.300.000 euro gutxitu da Udalaren zorra.

Garapenak pisu handiagoa izango du aurten. Zertan gauzatuko da?

Hasieratik izan dugu honen inguruko kezka; 2011ko azaroan bigarren sektorea garatzeko talde bat sortu genuen. 2013an zehar merkatariekin lanean jardun dugu, eta orain, lehen sektoreari bultzada emateko Oxirondo azokan martxan jarriko dugun Bergaratzen plana aurkeztu berri dugu. Pertsona bat liberatu dugu egun osoan garapen arloa bultzatzeko. Hark dinamizatuko ditu ekimen hauek guztiak. Prozesu hauekin batera, Mankomunitate mailan bultzatzen diren beste hainbat proiektu garatzeko baliabideak ere jarri ditugu.

Inbertsioaren partidak ere gora egin du. Zeintzuk dira azpimarratuko zenituzkeen puntuak?

Oraingoz, museoa eta azokan bultzatuko dugun proiektua sartu ditugu aurrekontuetan. Mekolaldeko biribilgunea ere aurten gauzatuko da, baina Udalak gai honetan sustatzaile lanak besterik ez du egin. Biribilgune honek Mekolaldeko industrialdearen garapena ahalbideratuko du, bertan dauden industriei arnasa emango die eta bertara enpresa berriak etorriko dira. Errege Seminarioko bilduma balioan jartzeko, museoa Errekalde jauregian irekitzeko lanei ekingo diegu. Azokan martxan jartzen ari garen proiektuak hiru helburu ditu: azoka biziberritzea, lehen sektorea dinamizatzea eta bertan 0 eta 12 urte bitarteko familia eta umeentzat aisialdi-gune bat jartzea. Bertan oso espazio handia dago, eta, ondo antolatuz gero, eraikinari bizitza emango diola uste dugu.

Hondakinak batzeko sistema mistoa ere abiarazi duzue; nola doa?

Duela hilabete jarri genuen martxan eta oso pozik gaude emaitzekin, herria garbiago dagoela begi bistakoa da. Oraindik hobetzeko asko geratzen zaigu, baina argi daukagu egindako urratsa garrantzitsua izan dela. Kontziente gara hondakinak batzeko sistema berriak herritarren ohituretan aldaketak eragin dituela eta sailkatzeko esfortzu bat egin behar dela; horregatik, aukera hau aprobetxatu nahiko nuke Udal Gobernuaren izenean eskerrak emateko. Laster, Epeleko konpostatze planta egiten denean, gure hondakin organikoa bertan kudeatuko da, eta, horri esker, inolako kutsadura barik gure hondakinak kudeatzea lortuko dugu.

Orain arte ikusitakotik zerbait aldatzea pentsatu duzue?

Denbora laburra pasa da aldaketa sakonak planteatzen hasteko, jendea oraindik ohitzen ari da, eta pazientzia izan behar da; hala ere, ziur gaude sistemak hobetu beharreko aspektuak dituela. Dagoeneko hasi gara zenbait aldaketa egiten; haizeak gehien jotzen duen lekuetako esekitokiei goma batzuk jarriko zaizkie kuboak hegan irten ez daitezen. Horrez gainera, hasi gara herritarrek bidaltzen dituzten proposamenak jasotzen, eta, banan-banan aztertu ostean, erantzunak bideratzen hasi gara.

Herritar batzuek lurrean uzten dituzten poltsekin zer egiteko asmoa duzue?

Oraingoz, errefusa jasotzen den unean batzen ditugu poltsok, baina ez zaigu oso jarrera egokia iruditzen. Beti esan dugu, ordenantzan horrela jasotzen delako, isuna jartzeko aukera dagoela, baina Udalean ez gara horren aldekoak. Ordenantza aplikatzen hasi aurretik informazio gehiago ematearen aldekoak gara; ziur gaude beste herritar batzuek ulertu duten moduan, laster bergarar guztiek bat egingo dutela sistema mistoarekin.

Beste ekimen berritzaile bat izan da garajea erabiltzeagatik hobariak ematea. Nola doa?

Lurzoru falta duten herrietan lur azpiko aparkalekuak egin izan dira eta hori oso garestia da. Gaiari buelta pila bat eman eta informazio asko batu eta gero, jakin dugu azken boladan eginiko aparkaleku publiko asko, batez ere herrietakoak, defizitarioak direla; garaje erosketak krisia dela-eta asko jaitsi direlako. Bestalde, begi bistakoa da eguraldi txarra egiten duenean aparkaleku huts asko egoten dela jendeak garajeak erabiltzen dituelako. Hori ikusita, herritarrak autoak garajean sartzera animatzeko kanpaina jarri dugu martxan. Autoa garajean sartzen duen herritarrari garajearen OHZn (ondasun higiezinen gaineko zerga) hobari bat emango zaio. Ekimena berria den arren, oso harrera ona izaten ari da, eta herritar ugari hurbildu da udaletxera programan parte hartzera. Aste honetako datuak falta diren arren, guztira 416 herritarrek bat egin dute gure planarekin. Dena den, erdigunetik gertu beste aparkaleku batzuk sortzeko plana garatzen gabiltza.

Etxebizitzen arazoari irtenbidea emateko asmoz, alokairu soziala bultzatzeko partida garrantzitsua sartu duzue aurrekontuetan.

Bergaran arazo bat daukagu; alde batetik, alokairuan etxeak hartzeko eskaera dago, eta bestetik, etxebizitza huts ugari dauzkagu. 2013an inor erroldatu gabeko 800 etxe geneuzkan; horrek ez du esan nahi guztiak hutsik daudenik, baina oraindik ere etxebizitza asko dira hutsik daudenak. Etxebizitza izatea oinarrizko eskubide bat da, eta guk eskubide hori bermatu nahi diegu herritarrei. Kontziente gara etxe-jabeek erreparoak dituztela euren etxeak alokairuan emateko eta kasu batzuetan nahiago dutela etxea hutsik mantendu norbaiti laga baino. Guk prozesu hori guztia erraztuko duen alokairu soziala sustatzeko plana sortu dugu. Gainera, joan den urtean OHZren (IBI) errekarguarekin batutako dirua plan horretan inbertitzeko asmoa daukagu. Jaurlaritzarekin hitzarmen bat ere lantzen gabiltza eta laster publiko egingo dugu programa.

Udalaren antolaketan ere aldaketa handiak bultzatzen ari zarete.

Udalean sartu ginenean konturatu ginen antolaketa mailan bazegoela zer hobetu; horregatik, Eudelen laguntzarekin, teknikariekin parte hartze prozesu bat bultzatu genuen. Hausnarketa horren ondorioz antolaketan hainbat aldaketa proposatu ziren: antolaketa arduradun bat izendatzea, enpresa pribatuan gerentearen antzeko funtzioak dituena; eta aholkulari talde bat, interes orokorreko gaiak jorratu eta horren inguruan gobernu taldeari aholkuak ematen dizkiona. Bestalde, administrazio digitala martxan jartzeko beharra dela-eta Udalean izaten diren prozesuak ere definitzen gabiltza. Honek hausnarketa sakon batera eroan gaitu; gauzak nola egiten diren pentsatzeaz gain, gauzak nola hobetu birpentsatzen ere bagabiltza. Hausnarketa honek beronek BAZ bat jartzeko ere balioko digu. Langileak proiektuan guztiz inplikatu dira eta ahalegin handia egiten dabiltza lehen fase hau ahalik eta osoena izan dadin. Administrazio digitala oso arlo garrantzitsua da, eta Bergaran tramiteak egiteko aukera ematea baino gehiago, Udala bera gerturatu nahi dugu www.bergara.net webgunearen bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak