Biharko hitzaldian hainbat gai jorratuko dituzue, ezta?
Berez, banantzeari eta dibortzioari buruzko hitzaldia eskaini gura genuen. Baina atzean bikotearen baitan ematen den krisia egonda, eta horrek seme-alabengan duen eragina handia dela ikusita, gurasoei azaldu gura diegu bikote guztiak hainbat ziklotatik eta krisi momentutatik igarotzen direla.
Horrelako egoerak eman daitezkeela informatu eta gako batzuk emango dituzue, beraz.
Prebentzioan oinarritzen da berbaldia. Hala, banantzeko erabakia hartuz gero, edo krisi egoera batetan egonda, zein neurri hartu edo zein pausu eman daitezkeen azaltzen dugu, egoera berriei aurre egiteko gakoak eskainiz.
Beti ematen al dira krisialdi egoerak bikote batetan?
Bikote batek hainbat fase izaten ditu: betiko maitasunetik hasten da, bikotea egonkortzen da gero, eta bizi proiektu komun bat konpartitzen hasten da. Seme-alaben jaiotzarekin bizimodua birformulatu behar da, bikoteak elkarrekin igarotzen duen denbora-eta aldatu egiten baita. Seme-alabak etxetik joaten direnean habi-hutsaren sindromea ematen da, eta berriz ere antolatu behar da dena. Eta beti egongo dira krisialdiak, batzuk handiagoak edo txikiagoak, faktore asko ematen dira eta.
Kudeatzeko moduak ere desberdinak izango dira.
Edozein bikote harremanetan komunikazioa da garrantzitsuena. Krisi egoeran dauden pertsonentzat komunikazio eraginkor baterako estrategien berri emango dugu hitzaldian. Edozein krisi ematen dela konponbidea komunikazioa sendotzean datzala uste dugu, eta egoera larriagoa bada, bikotearen esku dago erabakitzea aterabiderik baduen edo ez, eta neurriak hartu beharko ditu horren arabera, dela bikote-psikologo batetara joanda, edo bananduz. Kontuan hartu behar dugu krisi horiek seme-alabengan eragina dutela.
Noiz hartu beharko litzateke banantzeko erabakia?
Hobe da krisia gehiegi luzatu barik banantzea, eta hori aukera bezala ipintzen dugu. Eta gainera, banantzeko erabaki hartzen denean komenigarriena da behin betiko izatea; bestela seme-alabak espiral batetan sartzen dituzu eta ondo hausnartutako erabakia izan behar dela iruditzen zaigu. Bikotea bakarrik dagoenean hartu daiteke utzi eta berriro hastearen hautua, bana seme-alabak dauden momentutik kontuz ibili behar da. Eta krisialdiekin ere, antzera; hau da, arazoak dauden une guztietan ez zaie informazioa ematen, ahal den neurrian bikoteari bakarrik eragin behar dio eta seme-alabek ez lukete gatazka egoera bizi behar, ez ikusi ezta entzun ere.
Eta nola komunikatu jakitea ezinbestekoa izango da, ezta?
Krisialdi egoerak kudeatzeko ezinbestekoa da. Aldameneko hori baloratu behar duzu, kritikak egiterako garaian pertsona kritikatu barik, egin duena edo izandako portaera kritikatu behar da. Komunikazioa eraginkorra izateko zehatzak izatea funtsezkoa da. Bestetik, seme-alabekin berba egiteko moduak era batekoak edo bestekoak izan behar dira, adinaren arabera ere eraginak bestelakoak izango direlako. 0-6 urte bitartekoetan, esaterako, gehiago somatizatzen dira egoerak eta lo arazoak daude, esfinterra ez dute kontrolatzen... Errudun sentitzen hasten dira 6 urtetik aurrera eta zazpi urtetik nerabezarora bitartean portaera arazoak ematen dira gehiago, eskolako errendimendu eskasa... Eta nerabezaroan, beste era batera eragiten die. Garrantzitsuena da jakitea beti-beti egongo direla ondorioak, nahiz eta hasieran igarri ez.