Pablo Elkoroiribe: "Saudi Arabiara itzuliko nintzateke, baina nire helburua ez da gazteei eta helduei irakastea, umeei baizik"

Jon Moñux 2014ko mar. 9a, 00:00

Pablo Elkoroiribe, lur-globoan Saudi Arabia non dagoen erakusten. Argazki txikian, Saudi Arabian bere ikasle izandakoekin.
Irakaskuntzan graduatu zen aurreko urtean, Atzerriko Hizkuntzan, eta eskolak ematen ibili da lau urtean Mondragon Lingua akademian, adibidez. Karrera amaitu eta Bergarako Mariaren Lagundian goi mailako ziklo bat egiten hasi zenean, Saudi Arabiara abiatu zen ingeleseko eskolak ematera. Bi hilabeterako joan zen lehenengoz azaroan eta beste hilabete baterako urte honen hasieran.

Mondragonek sortutako eskola batean egon zara Saudi Arabian.

Hala da. Mondragonek aurkeztutako proiektu bat onartu eta gero, Mondragon Muhayil Asir College of Excellence eskola sortu zuten Saudi Arabiako Muhayil herrian. Eskola horretan goi mailako zikloak egiten dira, eta ni ingeleseko eskolak ematen egon naiz bertan.

Nola iritsi zitzaizun eskaintza?

Ezusteko handia izan zen. Eskolan nengoela dei bat jaso nuen, MEItik (Mondragon Nazioarteko Hezkuntza) deitu zidaten. Galdetu zidaten ea prest egongo nintzatekeen Arabiara joateko lanera. Erabat harrituta gelditu nintzen, eta erantzun nion: "Arabara esan nahiko duzu?". Hasieran sinetsi ezinik egon arren, aukera onartu nuen azkenean.

Bakarrik joan zinen Muhayilera?

Ez. Hasiera batean, Mondragon Unibertsitateko hiru ikaslek joan behar genuen, baina, azkenean, irakasle lanetan esperientzia zeukaten Arrasateko bat eta Alegiako bat etorri ziren nirekin.

Aurretik atzerrira joana zara ikastera eta lanera.

Bai; adibidez, laugarren mailako praktikak Galesen egin nituen, Cardiffen. Bestalde, hiru bat uda Ingalaterran eman ditut ingelesa ikasten.

Nola moldatu zara Saudi Arabian izandako ikasleekin?

Oso ondo, egia esan. Gaztea izanik, irakasle izateaz gain, laguna ere banintzen haientzat. Hala ere, zailtasunak izan nituen ingelesa irakasteko, maila txikia baitzuten. Gainera, ikasle batzuk analfabetoak ziren arabiarrez ere.

Oso kultura desberdinak dira Saudi Arabiakoa eta Euskal Herrikoa. Zerk harritu zintuen gehien?

Harremanei dagokienez, emakumeen egoerak asko harritu ninduen. Baina esan beharra daukat ez dudala izan aukerarik emakumeen egoera zein den ondo ezagutzeko, birritan bakarrik hitz egin ahal izan dut emakumeren batekin eta ez dut aukera askorik izan gizonen eta emakumeen arteko harremana zuzenean ikusteko. Ohiturei dagokienez, berriz, gidatzeko modua ulertezina iruditu zitzaidan; kaos handia dago, baina kaos horren barruan ordenari eusten diote.

Erraz egokitu zinen hango bizimodura?

Baietz esan daiteke, hainbatetan egon bainaiz herrialde arabiarretan oporretan. Bestalde, zortea izan genuen, herrialdeko beste herri batzuekin alderatuz nire herria mentalki irekiagoa zelako. Hegoaldean geunden, Yemen ondoan, eta gurean ez zegoen hiriburuan egon zitekeen polizia moralik. Gogorrena hango bizitza soziala izan da. Bizitza sozial handia duten arren, ez daukate leku bat non herriko jende desberdina elkartu ahal den, Euskal Herrian tabernak ditugun moduan, esaterako. Alde horretatik, gogorragoa egin zait, hiru hilabeterako joan bainintzen, eta lanekoekin bakarrik egin nuen bertako egunerokoa.

Berriz itzuliko zinateke?

Orain aukera eman didate berriz bueltan joateko, eta ez dut baztertzen hara itzultzea etorkizun hurbilean. Asko ikasi dut han, bai pertsonalki, eta baita profesionalki ere.

Aurrera begira, zer daukazu pentsatua?

Orain, ingeleseko eskolak ematen nabil Mondragon Linguan, Aramaioko haurrei. Eta Saudi Arabiara itzuliko nintzatekeen arren, nire helburua ez da gazteei edo helduei irakastea, nik umeen hezkuntzan lan egin nahi dut. Beraz, esparru horretan sakondu nahiko nuke orain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak