Herriko emakumeak gerra garaian, argazkitan

Monika Belastegi 2014ko mar. 7a, 11:37

Erakusketan ikus ahal izango den Bergarako familia bat (Bergarako Udal artxiboa. Toribio Jaruregi fondoa. Egilea: Toribio Jauregi)
Zapatuan da Emakumearen Nazioarteko Eguna eta bereziki berdintasuna aldarrikatzeko, zenbait ekintza egongo dira gurean. Alde batetik, Debagoieneko emakumeak Gerra Zibilean eta Frankismoan delako erakusketa zabalduko dute gaur Aroztegin eta martxoaren 23ra arte egongo da ikusgai.

Udal Artxiboak antolatutako erakusketa hori Udalaren Berdintasun Planean txertatzen da eta helburua da emakumearen bizimodua, eginkizunak eta eguneroko bizitza erakustea, argazki eta objektuen bidez. Zehazki erakusketa osatzen dute Arrasateko Ekin Emakume Elkarteak egindako zazpi argazki-panelek –Debagoieneko argazkiak dira–. Bestetik, Bergarako Udal Artxiboak Bergarako argazkiak eta zenbait objektu gehitu ditu; eta azkenik, Badihardugu elkarteak emakumearen inguruan egindako bideo didaktikoa jarriko da.

Udal Artxiboak egindako ekarpenari dagokionez, emakumearen presentzia eta lana bistaratu nahi izan dute, gerra zibilaren eta Frankismoaren garaian emakumea nola bizi zen azaltzeko eta orduko gizartea nolakoa zen ezagutzeko. Kontuan izan behar da, bestalde, Bergarako berezitasunetako bat herrian izan den industria-mota dela, ehungintza. Bertan emakume askok lan egiten zuen, beste lantegietan ez bezala.

Tea hartzeko deia

Auzoko egitasmoaren baitako Emakumeon Lagun Taldeak tea hartzeko deialdi irekia egin du bigarrenez Martxoaren 8aren bueltan. Iaz egin zuten lehenengoz eta aurten errepikatu egingo dute. Interesa duten emakume guztiek har dezakete parte, jatorri guztietakoek, integraziorako bidean halako uneak partekatzea garrantzitsua da-eta. Hilaren 11n, batuko dira, kultura etxeko ganbaran.

Gaztetxean ekintza ugari

Gaztetxean ere zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Gaur, egubakoitza, Debagoieneko bertsolari gazteen saioa egongo da 22:00etan, dohain –ikus 33 orria.

Bihar, zapatua, autoestimua lantzeko tailerra egongo da, 17:00etan; poteo feminista, 19:00etan; eta kantu-afaria, 21:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak