Bildu, EAJ, Aralar eta PSE-EEk bat egin dute aurtengo Martxoaren 8ko Emakumearen Eguneko aldarrikapenean. "Aitortzen dugu emakume asko oso baldintza txarretan eta egoera zailean dagoela eta egoera hori salatu beharrean gaude, mozioen bitartez, behin eta berriz egin dugun moduan, baina aurtengoan ospakizuna modu positiboan egin nahi dugu", adierazi dute.
Eta ildo horretatik, erakusketa eta ikus-entzunezko bana ikustera joateko dei egin diete herritarrei:
Debagoieneko emakumeak gerra zibilean eta frankismo garaian izeneko erakusketa antolatu dute, Udal artxiboaren eskutik, garai horietako emakumearen bizimodua, eginkizunak eta eguneroko bizitza erakusteko. Bergaran, urte askotan, ehungintza industria izan da nagusi eta bergarar emakume asko eta asko, aritu zen lanean urte gogor haietan. "Emakume langile hauei doakie gure omenaldia eta eskertza, eta bergarar guztiei dei egiten diegu Aroztegi aretora gerturatu daitezela martxoaren 7tik aurrera, merezitako omenaldiarekin bat egitera", azaldu dute.
Lan eta lan emakumea Bergaran izenburupean Badihardugu elkarteak egindako ikus-entzunezkoa ikustera ere gonbidatu dituzte herritarrak.