Lehen beroketa horren ostean, zapatua izango da Aratusteetako egun handia. Egunean zehar herriko giroa pizteko, gainera, ohiko Aratuste-afaria bazkari bihurtu da. 14:30ean seminarioko karpan egingo dute otordua, eta egunari gatz apur bat gehiago jartzeko Jakinekin txarangaren musika ere izango dute.
Bada, bapo bazkaldu ostean, lehen aldiz mozorro desfilea egingo da. 18:30ean San Martin plazatik irtenda, eta Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren laguntzarekin, erdiguneko kaleetan ibiliko dira. Desfileko parte-hartzaileen irudimena sustatzeko, Bedelkarrek eskainitako 160 euroko saria eramango du etxera mozorro originalenak. Gauean (23:00) Trikizio taldeak borobilduko du eguna.
Ikuskizunetarako sarrerak
Herriko festetan musikak ezin du hutsik egin; horregatik, aste bukaera erritmo onarekin hasiko da. Gaur, 22:30ean, Bergarako Udal Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko dute. Oraindik sarrera erosi gabe dutenentzat, pilotalekuko txartel-leihatila 21:30ean zabalduko dute eta kontzertuak 8 euroko prezioa dauka.
Etxeko txikiek ere ederto pasatzeko aukera izango dute bihar. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Bizipoza ikuskizuna taularatuko dute 15:30ean eta 18:00etan pilotalekuan. Sarrerarik erosi ez dutenentzat, pilotalekuko leihatila 14:30ean zabalduko dute; bertan, sarrerak 6 euroren truke erosteko aukera egongo da.
Martitzena, gaztetxoen eguna
Aste bukaeran nagusiek egingo duten burrunbadaren ostean, martitzena gaztetxoen eguna izango da. Gainera, Musika Eskolako gazteen bandak kalejira egingo du, 16:30ean, erdiguneko kaleak girotzeko.
Doinu dantzagarriagoak nahiago dituztenentzat, berriz, Amaia Txintxurreta DJak jarriko dio erritmoa San Martin plazari. 16:30etik 19:00etara, Txintxurreta DJak irratietan gehien entzuten diren doinuekin erritmoz betetako dantzaldia eskainiko du.
Gaztetxoen algarek animatuko dituzte Aratusteetako azken orduak. Izan ere, kanpaiek gaueko hamabiak direla iragartzeaz bat, mozorroak erantzi eta garizumaren atea den Hausterre Egunaren txanda iritsiko da.
Aratusteak gozatu, herria mozorrotu!
Ekimen horren helburua da Bergara Aratusteetan murgiltzea eta gure kaleetan jai giroa zabaltzea. Horretarako, herriko bederatzi gunetan, besteak beste, frontoian, Ibargarai kalean eta erdigunean, merkatariek elkarlanean egindako maskara koloretsuak eskegi dituzte herria apaindu eta alaitzeko.
Hain zuzen ere, Bergarako Udalak, Bedelkarrek eta herriko hainbat merkatarik eta ostalarik elkarrekin bultzatutako Bergara Bizi ekimenarekin tokiko ekonomia sustatzeaz gainera, kaleko giroa ere biziberritu nahi da.