Eroritako eta urtetan zehar usteldutako zuhaitzak ordezkatzen ari dira egunotan Bergaran. Atzo hasi zituzten lanak eta asmoa da aste honetan bertan bukatzea, eguraldiak utziz gero behintzat, Bergarako Udaleko lorezain arduradunak, Arkaitz Tolosak, kontatu digunez.
Atzo lau indigaztainondo berri ipini zituzten Bideberrin; eta astean zehar gereziondoak sartuko dituzte Irizarren; sagarrondoak, Matxiategi eta Fleming artean berritutako plaza txikietan; eta bertako hazi batetik datorren haritz bat, Euskal Herriko haritza, San Pedro elizaren atzeko aldean. 20 bat arbola berri sartuko dituzte guztira; lehendik zeuden zuhaitz espezie berdinak landatzea da irizpidea, nagusiki.
Urtarrilean haizeak botatakoaren ordez
Atzo Bideberrin sartutako lau indigaztainondoek atzo bertan moztutako bi zuhaitz, kiosko ondotik aurrez kendutako beste bat eta urtarrilean haizearen eta euriaren eraginez eroritako laugarren bat ordezkatuko dituzte; urtarrilaren 26an erori zen azken hori, baina, zorionez, ez zuen kalterik eragin.
Egoera fitosanitario kaskarrean zegoen eta, erori baino lehenagotik ere, Udalak aurreikusita zeukan ordezkatzea; eguraldiak lanak atzeratzea ekarri zuen, ordea, eta eguraldi txarrak berak bota zuen zuhaitza azkenean, ordezkatzea ahalbidetu aurretik.
"Etengabe lanean"
Erorketaren harira, Bergarako Udalak jakinarazi zuen Udaleko Lorezaintza zerbitzuak "etengabe lanean" diharduela, hiriguneko "zuhaitzen osasuna monitorizatzeko, zuhaitzak noiz berritu detektatzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko".