"Uste dugu, egun, azokaren espazioa gutxi erabiltzen dela. Batez ere, aste barruko dinamika da pobrea. Horregatik, horri bultzada bat emateko asmoz hasiko dugu prozesua", adierazi du gaur goizeko aurkezpenean Arianne Kareaga, Bergarako zinegotziak.
Hain zuzen, Enelurrek eginiko lehen sektorearen eta azokaren gaineko azterketan horixe zehazten zen, azoka gainbeheran zegoela. Horregatik jarri nahi izan du abian Udalak, Bagarak koordinatuko duen azoka biziberritzeko prozesua, orain.
"Ez da nahi diagnostiko sinple bat egitea. Helburua ekintzetara pasatzea da eta horren oinarria jendearen parte-hartzea izatea", esan du prozesua koordinatuko duen Andoni Larrañagak.
Hiru ildo
Hala, hiru ildo edo azpi-atal izango ditu parte-hartze prozesu horrek eta bilera dinamika bat jarriko dute martxan udara bitarte, herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzeko.
Batetik, azoka bera biziberritzeko, eraikinaren erabileraren azterketa egingo da. Bestetik, lehen sektorearekin zerikusia duten eragileez eta baita ekonomia lokalean lan egiten dutenekin –artisauekin, adibidez– hausnarketa bat egingo da tokiko ekonomia eta tokiko elikadura bultzatzeko asmoz. Hirugarrenik, 0-12 urte bitarteko haurrendako, azokaren bigarren solairuan ezarri nahi den aisialdi gunearen gaineko parte-hartze prozesua ere egingo da. Haurrekin lan egiten duten eragileez, gurasoez eta haurrekin, eurekin, egingo da hori.
Aisialdi gunea
Apirilean hasiko dituzte azokaren bigarren solairuan jarriko den 0 eta 12 urte bitarteko aisialdi gunearen lanak. Helburua da 2015eko urtarrilerako martxan izatea. Udaletik zehaztu dute, kasu honetan, obrak egin behar dituztela lehenik, Foru Aldundiaren diru-laguntza lortu dutelako. Zehazki, 115.000 euro inguruko diru-laguntza. Guztira, 300.000 euro inguruko proiektua izango da. Udaletik uste dute aisialdi guneak berak azoka indartuko duela.
Behin haurrendako gune hori egiten denean azokan, Agorrosinen dagoena kendu egiteko da –kirol zerbitzuak bereganatuko du–. Auzoetako Txiki-txokoak, baina, mantendu egingo dira.
Saio irekia
Saio irekia egingo dute prozesu guztiaren berri emateko otsailaren 26an osoko bilkuren aretoan, 18:30ean. Kareagak herritarrak prozesuan parte-hartzera animatu nahi izan ditu.