Noiz etorri zarete Euskal Herrira eta noiz arte egongo zarete?
Joan den egubakoitzean heldu ginen eta aste osoa emango dugu hemen. Egubakoitza aprobetxatuko dugu turismoa egiteko, inguru hauek ezagutzeko. Donostian, Zurriola eta Santo Tomas Lizeoa ikastoletan, Lazkaoko San Beniton eta Bergarako Aranzadin izango gara, bertatik bertara, irakasleekin eta ikasgeletan bertan.
Ze iruditu zaizue Bergaran ikusi duzuena?
Ikaragarria. Txundituta geratu gara ikusi dugunarekin. Batez ere harritu egin gaitu zelako motibazioa duten ikasleek ingelesezko ahozkotasuna lantzeko. Harrituta gelditu gara, baita ere, ikasleek duten kontzentratzeko gaitasunarekin.
Europako beste toki batzuetan izan zarete?
Italian egon gara, Sardinian, eta ikusi ahal izan dugu han zela ematen dituzten ingeleseko klaseak Informazio eta Komunikazio Teknologietan. Bestalde, udan izan nuen Euskal Herrian ingelesa erakusteko darabilzuen CLIL eta Eki metodologien berri, Ikastolen Elkarteko Phil Ballen bitartez. Harremanak egin genituen eta hemen gaude.
Japonian ze adinekin hasten dira ikasleak ingelesa ikasten?
12 urterekin, baina 10 urterekin hastea da asmoa. Horrek, hala ere, arazoak eta eztabaida sortzen ditu. Iraultza izango litzateke guretako. Bi eztabaidagai dauzkagu horri dagokionez: alde batetik, ingelesa ikasten hasteko adin mugak non egon behar duen zehaztea; eta bestetik, ingeles klaseak japonieraz ematen direlako Japonian eta hori aldatzea eta klaseak ingelesez ematen hastea sekulako iraultza izango litzatekeelako. Ikusi dugu Euskal Herrian 4 urterekin hasten direla ingelesa ikasten eta bertatik bertara ikusi ahal izan dugu Aranzadi Ikastolan gizarteko klase bat ingelesez ematen DBHko 4. mailan. Benetan inpresionatuta geratu gara ikasleen jarrerarekin eta klasean daukaten parte hartzearekin.
Japonian zenbat denbora behar dute ikasleek ingelesa menderatzen hasteko?
2.000 ordutik gora. Baina, esandako moduan, 12 urterekin hasten dira Japonian ingelesa ikasten eta, hortaz, unibertsitatera iritsi orduko, 900 bat ordu bakarrik eman dituzte. Hori oso gutxi da. Horregatik. Horregatik nahi dugu hemen aplikatzen duzuen CLIL metodoa aztertu eta ikusi horren zatiren bat aplika genezakeen Japonen.
Japonian unibertsitatean dauden ikasleen ingeles maila kaskar samarra dela diozue. Zergatik da hori?
Ordu gutxi eskaintzen zaiolako eskolan ingelesa ikasteari, 900 ordu inguru, esan dudan moduan. Baina, bestalde, ikasleak unibertsitatera heltzea da Japoniako hezkuntzaren helburu nagusia eta ikasleek ingelesezko idatzizko proba pasatzeko gogor ikasten dute, nahiz eta, gero, ahozkotasunean hutsune handiak eduki. Eta, horregatik, guri oso interesgarriak iruditzen zaizkigu ikastolek dauzkaten Eki edo CLIL moduko metodologiak, ahozkotasunean eta jarduera praktiko edo proiektuetan oinarrituta daudelako.
Azterketetan oinarritutako sistema da zuena?
Bai, eta inportantzia handia ematen zaio horri. Japonian oso gutxi hitz egiten da ingelesez eta unibertsitateko ikasleen %80k oso maila kaskarra daukate. Hezkuntza sistemak ez du astirik ematen ikasteko ingelesa ganoraz berba egiteko. Baina ahozkotasunari ere garrantzia eman nahi zaio eta gauzak aldatzeko bidean gaude, aukera bat eman nahi zaio aldaketari, ahozkotasunari. Sistema aldatu nahi dugu, baina etsaminetan dago oinarrituta guztia. Japonian unibertsitatera sartzeko ikasleei ingeleseko A-2 maila eskatzen zaie. Hemengo ikastoletan, frantsesean DBH bukaeran lortzen duten maila bera.
Europan ingelesaren eragina oso nabaria da, hedabideetan, Interneten, IKTetan... Japonian ere bai?
Ez, ez da horrenbestekoa, japoniera babestuago dago eta ingelesetik asko itzultzen da. Interneten dena dago itzulita japonierara… Baina jabetuta gaude ingelesari garrantzi handiagoa eman behar diogula, badakigulako oso hizkuntza garrantzitsua dela munduan. Horregatik gabiltza ikertzen munduko beste toki batzuetako ereduak.
Lortu nahi duzuenerako eredugarria da Euskal Herriko eredua?
Zati batean, eta dosi txikietan, aplikagarria dela iruditzen zait. Zelanbait esateko, pausoz pauso aplikatzen joan beharrekoa. Orain, arazoa da motibazioa. Japoniako ikasleak ez daude ingelesa ikasteko motibatuta, idatzizko azterketa larregi gainditu behar izaten dituzte-eta. Ikusten dugu Euskal Herrian lanen edo egitekoen bitartez ikasten dutela ikasleek, proiektuak egin ahala eta ez buruz, etsamina gainditzeko. Motibazioa oso garrantzitsua da eta Eki proiektuan, esaterako, erabiltzen da sarri. Hori oso interesgarria da guretako.
Ikastoletan jasotako esperientziarekin ze egingo duzue?
Ikerketa idatzia prestatuko dugu eta saiatuko gara urkezten Hezkuntza Ministerioan, unibertsitatean… Nahiko genuke lehenengo aplikatu geure eskolan eta poliki-poliki zabalduz joan.