Hardflip: "Aurten taldeak sei urte betetzen ditu eta disko berezi bat egiteko gogoz gaude"

Jagoba Domingo 2014ko ots. 12a, 12:00

Hardflip, Bergarako Laino skate parkean.
'Kopixau ta Rulau'. Hain zuzen, 'Do it yourself' edo 'Zuk zeuk egin' filosofiapean kaleratutako diskoa da. Hardflip bergararrek duela urtebete erabili zuten formula bera erabili dute. Euren kargu hartu dute disko bat ekoizteko lan guztia eta emaitza zuzenean grabatutako lau kantu izan dira. Mugu, Raul eta Kuinbo taldekideekin egon gara oraingoan.

 

Zuk zeuk egin filosofiaren aldeko apustua egiten duzue; zergatik?

Horrela lan eginda azkarrago egiten dugu dena. Ez dugu inoren zain egon behar, ez kopien fabrikari... Bestela, askotan diskoa atzeratu egiten da eta kantuak zahartu egiten dira. Denbora epe motzean lan bat kaleratzeko aukera ona dela uste dugu. 

Oraingoa, gainera, zuek grabatu duzue.

[Mugu] Bai, nik egin dut. Uda inguruan lau pistako grabagailu bat erosi nuen eta horrekin grabatu dugu, hilabete batzuez probak egin genituen, eta azaro erdialdean grabatu genuen Kopixau ta Rulau. Bi egunean egin genuen grabazioa, lehenengo egunean base musika grabatu genuen eta hurrengoan, ahotsak. Basea Bergarako Goikorock lokaletan grabatu genuen, zuzenean, eta ahotsa Antzuolako txabolan. Zuzenean grabatu dugula antzematen da; emaitza ez da disko produzitu bat bezala, ez dugu perfekzio hori bilatu. Gure kontzertuetatik gertuago dago eta xarma berezia du.

Lau kantu diskoan, baina batzuk esperoan geratu dira, ezta?

Bai, grabazioa egin genuenean, nibelak ondo hartu ondoren, kantuen zerrenda hartu eta guztiak jo genituen. Bakoitzetik bi-hiru hartualdi egin genituen, eta, hain zuzen, ondo geratu zirenak dira diskoan daudenak. 

Beraz, hurrengoa noizko?

Gure asmoa da hilabete batzuk barru beste zerbait kaleratzea. Aurten sei urte betetzen ditu Hardflipek eta polita izango litzateke disko bat egitea. Agian, azken bi disko laburretako kantuak, lehenengo diskoko batzuk berriz grabatu eta berriekin bilduma bat kaleratzea. Oraindik, baina, ideia besterik ez da. Horrez gain, Algortako Kassete tabernaren bilduma baten parte hartu behar dugu. Taberna itxita dago, baina Bird Trouble zigilukoek bilduma kaleratzeko lanean dabiltza. 

Zergatik disko motzekiko apustua?

Zerbait kaleratzeko era azkarra da; horretaz gainera, taldea dagoen momentua islatzen du. Urtebetean bi disko labur atera ditugu, hiru kantu lehenengoan eta lau hurrengoan, hain zuzen. 

Nola banatu duzue Kopixau ta Rulau?

Hasieran, azaroan egin genituen kamisetak erosterakoan oparitzen genuen. Askotan, etxean kopiak egin eta kalean edo kontzertuetan banatzen ditugu. Adibidez. duela aste pare bat Gernikan diskoak jartzera joan nintzen eta hogei bat banatu nituen. Kontua da diskoa ahalik eta gehien zabaltzea, gaur egun jende gutxik erosten ditu diskoak; horregatik kopixau ta rulau filosofia hori; disko bat nahi izanez gero, badakizu...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak