Leire Iruin: "Ez da inongo gertakari berezirik izan eta pozik gaude"

Imanol Gallego 2014ko ots. 5a, 17:45

Atzo gauean hasi ziren bergararrak hondakinen bilketarako sistema mistoa erabiltzen. Gehienek kuboak erabili arren, Bergara Garbiak deitutako protestarekin bat eginez, zenbait herritarrek poltsak laga zituzten esekitokien ondoan. Udaletik zehaztu dutenez, "zoritxarrez", poltsa horietako gehienetan ez zegoen gai bereizketarik.

Herritar gehienek kuboak jaso eta gero, atzo iritsi zen horiek erabiltzeko lehen eguna. Leire Iruin zinegotziak balorazio orokor bat egiteko goiz dela aipatu eta gero, lehen eguna "ondo" joan dela adierazi du.

Bergara Garbiak deitutako protestari jarriki, herritar batzuek poltsetan atera zituzten hondakinak atzo. Iruin zinegotziak azaldu moduan, "zoritxarrez", horietako poltsa gehienetan ez zegoen gai bereizketarik.

"Hondakinak poltsetan ateratzea oker" dagoela azaldu eta gero, birziklatzea beharrezkotzat jo du, eta "bereiztu gabeko gaiak botatzeko garaia amaitu" dela zehaztu du zinegotziak. Artekale eta Goenkale artean dagoen karkabaren atean azaldutako zabor pila bezalako jokabideak gutxi eta oso tokikoak izan direla aipatu ostean, horiek gaitzetsi eta momentuz poltsa guztiak jasoko direla zehaztu du.

Horrelako portaerek aurrera egiten badute ordenantza aplikatuko dela azpimarratu du Iruinek. Dena den, isunaren aurretik jendeari informazio eta argibideak emango zaizkiola esan du zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak