Oxirondo azoka biziberritzeko ideia eta proposamen berrien bila

Imanol Gallego 2014ko ots. 4a, 07:48
Gaur egun azokak sei postu finko ditu, tartean irudian ageri den arrandegia.
"Aiii, lehen azokak indar handia zuen, orain berriz... ikusten duzun moduan, gero eta jende gutxiago etortzen da", aipatu du Oxirondo azokako dendarietako batek, berarekin hitz egiten hasi eta berehala. Bakoitzaren iragana beti da irudimen iturri, eta pasatakoa era bukolikoago batean gogoratzeko ohitura badago ere, saltzaile eta erosleen iritzia entzun eta gero, badirudi azokaren kasuan horrela dela.

XXI. mendeko gizarteak, zati batean, bere oinarriak alde batera utzi ditu eta gertukoa kontsumitu beharrean erosotasunera jotzeko joera dago: "Beste denda batzuetan aukera gehiago duzu, hemen oso postu gutxi daude", dio Azokaren sarreran dagoen emakume batek. Azokak sei postu egonkor ditu, eta bertako saltzaileek betiko merkatariek soilik eskaini ohi duten irribarrearekin hartu arren, ez da jende askorik ikusten.

Bertako saltzaile eta erosleek "gainbehera" hitza aipatzen dute. Azken urte hauetan erosleek nabarmen egin dute behera. "Erosle fidelak ditugu, baina jende gaztea etortzen ez denez, erosle kopurua urtetik urtera jaitsi egiten da", esan du dendari batek. Gainontzeko saltzaileek iritzi antzerakoak dituzte.

Zapatua da bertako egun handia eta saltzaile batzuek egun bakar hori hankamotz geratzen dela diote. "Aste guztian baino jende gehiago sartzen da zapatuetan, baina egun onena bada ere, asko jaitsi da", aipatu du dendari batek, eta beste batek datu garrantzitsu bat gogora ekarri du: "Duela urte batzuk lau saltzaile egoten ginen postuan, orain birekin nahikoa izaten da". Argi dago azokak garai hobeak igaro dituela, baina herriko ekipamendu garrantzitsu bat da, eta Udala egoera honi buelta emateko plan bat garatzen hasi da.

Aisialdi gune bat goiko solairuan

Orain arte Agorrosin Ekintza Gunean egon den ludoteka txiki geratu da, eta haren partez, azokako goiko pisuan berria egingo dute. Ez da, baina, ohiko ludoteka bat izango, solairu osoa hartuko duten obrak aisialdi gune bat sortzeko egingo dira. Bukatuta dagoenean, 0 eta 12 urte arteko gazteen aisialdi gunea izango da.

Oraindik baina, bertan egingo diren ekintzen egutegia zein prozedurak lehen fasean besterik ez daude. Jardun euskara elkarteko eta Udaleko ordezkariak eta guraso talde batek egin dituzte lehen bilerak, baina laster, mahaia zabaldu egingo da, "herritarrek gozatzeko toki bat izatea nahi badugu, plana eurekin batera egitea ezinbestekoa" delako Iruin zinegotziaren esanetan.

Udalak aisialdi gune berri horretako lanak Aste Santu inguruan hasi nahi ditu. Azokan egokituko duten gune berria martxan hasten denean eta Xabalote gaztelekua kontuan izanda, 17 urtetik beherako gazteek aterpedun instalazio egokiak izango dituzte herrian.

Merkataritza suspertu

Pasa den urtean sortu zen merkatarien mahaiaren lana ez da kaleko dendetara mugatu; "azoka herriko merkataritzaren gune garrantzitsu bat da", azaldu du Leire Iruin merkatarien mahaiko arduradunak. Horregatik, mahai horretatik eta Udalaren laguntzarekin, berau suspertzeko plana martxan da dagoeneko.
Azokak mahai propioa izango du, Iruinen esanetan azokako saltzaileak protagonista izango dituena. Bertan eztabaidatuko dira azoka biziberritzeko ideia eta proposamenak "mahaiak dinamikoa behar du izan", dio Iruinek, "gure asmoa mahaiko kideak planaren diseinatzaile eta exekutoreak izatea da". Ez da lan erraza izango baina zinegotziak plana ongi antolatuta dauka: "Udala sustatzailea izan daiteke, baina bultzatzaileak herritar eta saltzaileak izan behar dira, osterantzean planak ez dauka zentzurik".   

Hori guztia gainera, hezkuntza eta lehen sektore, merkatari, herritar eta ekoizleen proposamenekin aberastu nahi dute.

Lehen sektorearen ekarpena

Azokarena ez da proiektu isolatu bat izango, eta hura biziberritzeko planarekin batera lehen sektorea ere indartu nahi dute. "Azoka gertuko produktua saltzeko toki bat bada, ekoizleak ere kontua hartu behar ditugu", dio Iruinek. Horregatik, lurra ogibide duten baserritarrekin batzeaz gain, berau ereitetik bizi nahi duten talde eta eragileekin ere batuko dira laster. "Azokarekin bezala, hemen ere mahai propio bat sortu gura dugu", argitu du zinegotziak.

Horretarako, egun herrian dauden ekoizleekin elkartzeaz gain, landa eremuan interesa duten herritarrekin ere batuko dira, "landa eremura gerturatu nahi duten gazteak ere kontuan hartu nahi ditugu", adin tarte guztien inplikazioa baita guztiaren gakoa.

Hala ere, Udaletik azokarentzat asmo handiagoko proiektua baten bila dabiltza. Garai batean jendez bete ohi zen gertuko produktu freskoen plaza izaera bueltatu nahi diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak