Xabier Alzaga: "DanobatGroup-en apustua teknologia da"

Eneko Azkarate Laspiur 2014ko urt. 31a, 09:00

Danobat Group-eko Railways dibisioko zuzendaria
Danobatgroup eta, zehazki, trenen lerroa, albiste da azkenaldian, mundu mailan lortu dituen salmentengatik. Hain justu ere, Bergarako Mekolaldekoa da taldeko lantegi handi eta garrantzitsuena zeregin horretan. Xabier Alzaga (Eibar, 38 urte) DanobatGroup-eko Railways dibisioko zuzendaria da. Mekolalden egiten du lan. 2008an ireki zutenetik bertan dihardu. IK4-Idekon, DanobatGroup-en Ikerkuntza zentroan, jardun zuen lehenago.

DanobatGroup-en Railways dibisioa Bergaran zentratzen da?

Bai, lantegia ireki zen Errusiatik eskaera garrantzitsu bat jaso genuelako eta Mekolaldeko plantan zentratzen da tren lerroaren jardun garrantzitsuena. Bertan egiten ditugu makinak eta, esaterako, bagoien bogiea eta muntatutako ardatzak zaintzeko eta konpontzeko giltza eskurako tailerrak.

DanobatGroup-en dimentsioaren gaineko ideia bat egiteko datu batzuk ematea eskatuko dizkizut.

DanobatGroup-en lantegi eta egoitza nagusia Elgoibarren daude, baita IK4-Ideko Ikerkuntza eta Garapeneko zentroa ere. Ispasterren ere badaukagu beste bat; Osintxun, Soraluce, eta, gero, Mekolaldekoa. Orotara, 15 planta produktibo ditugu; horietatik, 10 Euskal Herrian eta beste 5 atzerrian: Alemanian bi eta Ingalaterran, Errumanian eta Indian bana. Gero, delegazio komertzialak ere baditugu sektoreko lurralde estrategikoenetan: Alemanian, Txinan, Italian, Japonian, Frantzian, Indian, Ingalaterran, Ameriketako Estatu Batuetan, Errusian, Brasilen eta Errumanian.

Eta zenbat langile?

Talde osoan, 1.200 inguru eta, hauetatik, Euskal Herrian, 900 pasa. Injineruak gehienak. Batzuk diseinu alorrekoak, elektronika eta mekanika alorrekoak. Beste batzuk, produkziokoak… Eta Lanbide Heziketakoak ere badaude, langile kualifikatuak. Gero, kudeaketa alorrekoak, komertzial alorrekoak, administraziokoak…

Bost urte dira Mekolalden zaudetela. Zer dela-eta Bergarara?

Hainbat faktorek eragin zuen erabakia. Momentua, Errusiako eskaera gainean geneukan eta aukera asko ez genituen. Lehentasunezkoa zen azkar eraikitzeko aukera izatea eta taldeko beste lantegi batzuetatik gertu egotea. Bergaran, Soraluceko planta gertuan dugu, Osintxun; horretaz gain, Deba arro berdinean gaude…

Errusiako eskaria oso garrantzitsua izan zen DanobatGroup-endako?

Bai, bai. Erreminta-makina alorreko eskaerarik handiena izan zen bere egunean, salgai-bagoien lehen fabrikatzailea den TVSZ errusiar enpresaren eskutik. Errusia, gainera, oso merkatu konplexua da eta, alde teknikotik, proiektu zaila izan zen arren, oso inportantea eta aukera bat ere izan zen guretako eta gure taldeko trenen alorrerako. Mugarri bat izan zen. Hura ondo egin izanak, kudeaketa modu bat erakusteak, ateak ireki dizkigu beste proiektu batzuei heltzeko eta, esaterako, hortik etorri da azken eskaria, Indiatik eta Australiatik.

Errusiako hura gainditzen du azken honek?

Bai, hiru kontratu dira eta 103 milioi euroko eskaria da, guztira, DanobatGroup-endako. Teknikoki, gainera, ezberdinak dira. Errusiakoa, produkziorako planteatuta zegoen, tren ardatz eta erruberak egiteko. Beste hauek mantenurako dira. Hortaz, beste bezero mota bati begirakoa da eta horrek irekitzen dizkigu beste ate batzuk, beste aukera batzuk eta beste herrialde batzuetan ere negozioak egiteko aukera, Australian, esaterako. Indian lehendik ere bagenbiltzan, izen bat dauka DanobatGroup-ek han. Merkatu bat ziurtatzen dugu kasu honetan. Azkenean, diru kopuruari dagokionez ere, eskaera handia da eta ziurtatzen digu urte batzuetarako lana.

Zenbat urterako?

Bi urterako bai, gutxienez.

Jende berria kontratatu beharko duzue?

Beharko dugu, bai. Ikusi beharko da zela kudeatzen den hau talde barruan. Osatuko dugu ekipoa taldeko beste langile batzuekin ere.

2004an ekin zion DanobatGroup-ek trenen dibisioarekin. Apustu estrategikoa izan zen hura. Asmatu duzuela esan genezake?

Bai, orain arte egindakoa arrakastatsua izan dela esan genezake. Ikusi da aukera bat geneukala alor honetan. Izan ere, denbora tarte laburrean, lan asko eginda, hori bai, izen bat lortu dugu mundu mailan, oso lehiakorra den alor baten eta esperientzia handiko enpresa espezializatuekin lehiatuz. DanobatGroup-en estrategia globala da sektore zehatz batzuetan sartzea apustu espezializatuekin:aeronautika, gasa, energia berriztagarriak, trenak…

Aukera handiak eskaintzen dituen alorra da trenena?

Bai, begira Espainian ere ze krisi gogor dagoen, baina eskariak jaso genituen handik iaz, Renfetik-eta; CAFetik ere bai… Baina tranbia dela, gertuko edo distantzia laburreko trenbideak direla…, herrialde askotan egiten dabiltza tren-azpiegituren alde eta horrek aukerak irekitzen dizkigu.

Mekolalden, zenbat langile diharduzue?

Asko aldatzen da eskaera edo proiektu konkretuen arabera. Errusiako proiektuarekin hasi ginen eta 80 bat lagun ibili ginen. Orain, momentuan, gutxiago gara, baina hurrengo hilabeteetan igo egingo da lan taldea. Orain, tailerrean ez gaude gorenean, bulegoetan gabiltza gehiago, proiektuekin. Inguruko hornitzaileekin ere lan asko egiten dugu eta gure eskaerek eragin zuzena dute hornitzaileengan. Mekanizatuak, kontrolak, sistema elektrikoak, automatismoak…, makinei lotuta doazenak… Asko, inguruan dauzkagu, baina kanpoan ere baditugu, betiere prezio-kalitatea kontuan izanda. Baina inguruan badauzkagu eta hurbiltasunak ematen digu azkartasuna.

Erakutsi duzue azkeneko urteotan diseinatzen, produzitzen eta kudeatzen onak zaretela, baina baita saltzen ere. Zer baloratzen du, bereziki, bezeroak?

Apaltasunetik egiten dugu lan eta horrek badauka eragin zuzena gure eskaintzetan. Bestetik, malguak, bezeroaren beharretara moldagarriak, gara eskaintzak egiterakoan. Berriak gara, freskoak, zelanbait esatearren. Gure lehiakideak esperientzia handiagokoak dira eta, alde horretatik, akaso, gerri gutxiago erakusten dute. Ulertzen ditugu bezeroaren beharrak eta gauza gara eskaintza lehiakorrak egiteko. Bestetik, guretako, eta, azken finean, bezeroarendako, berme bat da talde indartsu bateko kide izatea. Horrek segurtasuna eta sinesgarritasuna ematen digu.

Prezioetan ere lehiakorrak zarete?

Baietz uste dut, hori ere baloratuko du bezeroak, baina gure eskaintzak onartu izanak ez dauka beti prezioarekin bakarrik zerikusia. Erremintak ondo erabiltzen ditugu, mundu mailan ditugun delegazio komertzialak, Indiakoak, esaterako. Horrek gertutasuna eta konfiantza ematen dizkio bezeroari… Zerbitzu oso bat eskaintzen dugu, bestalde. Guztiak ematen dio koherentzia eta hori baloratzen du bezeroak.

Errusiako, Australiako eta Indiako eskaeren gainean egin dugu berba, baina beste azpimarratzekorik izan duzue?

Bai. Italian abiadura handiko tren-ardatzak egiteko linea oso batendako eskaera lortu genuen, Lucchini enpresaren eskutik, eta horrek ere prestigio handia eman digu oso kalitate handikoa delako eta Europar Batasun barruan izan delako.

Zein da DanobatGroup-en railways dibisioaren merkatu nagusia?

DanobatGroup-endako, makineria alorrean, Alemania eta Txina dira merkatu nagusiak, erreminta-makinen kontsumitzaile nagusiak dira-eta. Baina, gure alorrerako, ez da horren zehatza merkatua, geografikoki. Eskaerak eta aukerak nonahi daude. Orain momentuan, Brasilen, esaterako, edo Txilen. Espainian ere bai, duela urte batzuetara arte, edozein hirik zeukalako tren azpiegituraren bat. Baina Afrikan, Errusian edo Asian edo Australian ere badauzkagu aukerak.

Enpresei dagokienez, zuen bezeroak zeintzuk dira?

Askotarikoak dira. Lan egiten dugu CAF-ekin, Lucchinirekin, Renfekin…, hainbatekin. Lehen barruko merkatukoak ohikoak ziren, baina orain nazioartean gabiltza denak lehia bizian.

Lehiakide nagusiak zeintzuk dira?

Alemaniatik dator gure lehiakide garrantzitsuena. Gero, makina txikiagoetan, denetikoak dira eta mundu osoan daude lehiakideak.

Erreminta-makinaren sektoreak, Euskal Herrian eta, bereziki, Debarroan dauka garrantzia handia?

Bai. Espainia mailan, Euskal Herrian dauka pisu handia sektore honek eta gure arroan oso garrantzia handia. Danobat Taldea erreferentzia da bai hemen eta baita munduan ere.

Krisi urteak erreminta-makinaren sektorearendako ez dira horren txarrak izan?

Guretako ere ez dira urte errazak izan eta sektoreko enpresa batzuk desagertu egin dira. Krisiak geuri ere eragin digu, geu osasuntsu egon arren, bezeroa ondo ez badago geuri ere eragiten digulako. Baina dibertsifikazioaren eta gauza berezien aldeko apustua egin du DanobatGroup-ek eta, horri eskerrak, gauzak ondo joan zaizkigu. Esaterako, autoen sektorea ondo ez badoa, aeronautikan edo trenetan ondo kokatuta bazaude, aurrera egingo duzu. Alde horretatik hazkunde urteak izan dira, baina, betiere, apaltasunetik eta lan asko eta ondo eginez.

Zuen estrategia zein izan da?

Makina berdin asko, kostu gutxikoak saldu beharrean, gure apustua izan da teknologia, makina espezializatuak, nitxo konkretuei begirako eskaintzak, balio handiko irteerak eskainiz, bezeroak hori nahi badu. Hartara, azken lehian, zeu eta beste lehiakide bat egoteko, eta ez lehiakide asko. Horretarako daukagu IK4-Ideko, esaterako. Ohiko sektore batean punta-puntan jarraitzeko modua da beti berritzen eta beti eskaintza bereziak egiten ibiltzea.

Kanpoan saltze duzue bereziki?

Bai, erreminta-makinaren sektorearen marka da eta geuk ere %90 kanpoan saltzen dugu. Edozelan ere, guretako ustekabea izan da beste %10arena, ikusi dugulako barruko merkatuan ere zerbait mugitu dela azkenaldian.

Zenbat bideratzen duzue ikerkuntzara?

Gure fakturazioaren %7 baino gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak