Zibergara: teknologia berriek batu duten boskote gaztea

Imanol Gallego 2014ko urt. 28a, 17:00

Zibergarako kide diren Mikel Azkarate eta Damian Madinabeitia.
Bergara herri ekintzaile eta sortzailea dela ezin daiteke ukatu, baina egiten den lan hori Interneten ikusten da? Batzuek baietz uste badute ere, saretik buelta bat ematea besterik ez dago, Bergara eta bergararren aztarna zein txikia den jabetzeko, "kasu gehienetan erabiltzaile gisa nabigatzen dugu sarean", diote Zibergara taldeko kideek.

Zibergara iazko udan sortu zen. Elkarte izaerari ihes eginez, teknologia berrietan haratago joan nahi duten gazte batzuek sortutako taldea da, "ez dugu elkarte bat izateko beharrik, hau ekimen askeago bat bezala sortu da", adierazi du Damian Madinabeitia kideak. Mikel Azkarate-askasuak ere antzerako iritzia dauka, "askeak garen heinean, sortzen diren proiektuen arabera egiten dugu lan". Horiek, baina, ez dira Zibergaran dauden kide bakarrak, "bost bat kide batzen gara", dio Azkaratek.

Lagunartean sortutako taldeak, inguruan asko zabal daitezkeen ideia berritzaileak ipini ditu martxan, "sareko erabiltzaile soil bat izatea baino, bere parte izaten erakutsi nahi diogu jendeari".

Sare propioa

Gazte talde honek erronkak gustuko ditu eta Katalunian asko hedatu den guifi.net sarea gurean zabaltzeko lehen pausotan murgilduta daude. "Auzo batzutan internet konexio eskasa dago eta guifi.net sare baten bidez hori ere konpondu egingo litzateke", azaldu du Madinabeitiak. Hala ere, sare propioak abantaila gehiago ekarriko lituzke. Esaterako, guifi.net sarean, pertsonak bezero izatetik kudeatzaile izatera pasatuko dira. Inguruan Apotzaga-Gallao auzoen kasua ezagutzen dute, "bertan sare hau martxan ei dago", aipatu du Madinabeitiak. Internet eskaintzen duten enpresa handietatik kanpo egotean sarearen malgutasuna handitu egiten da. "Jendeak zerbitzu propioak garatu ditzake", eta gainera, merkeagoa ere bada.

MokolokoM Zibergarak erositako zerbitzari partekatu propioa da, Euskal Herrian Blogsoviet proiektuak egiten duen erara.  "Proiektu hauen helburua ez da dirua irabaztea, gure asmoa gertukotasuna eskaintzea eta norbanakoak interneten duen presentzia areagotzea da" azpimarratu du Azkaratek. Zerbitzari horretan dago mokolokom.net, Bergarako edonolako internet jarioa zentralizatzen duen webgunea.

Jakintza zabaldu

Irekia da Zibergara definitu dezakeen hitza, bertan garatzen ari diren proiektuak herrira, ingurura zabaldu nahi dituzte. Horretarako, Jardunekin batera hacker eskola bat sortzen dabiltza. Hacker hitzak duen gerizpe ilunetik urrun, hackerra "edozein jakintza gaietan entusiasta/gogotsua den pertsona bat dela" argitu dute. Ekimen honekin, Interneten sorreraren ostean jaio direnei baliabide berriak erakutsi nahi dizkiete.
Interneten inguruan herritarrek izan ditzakeen argibide, edo proiektu bilakatu daitezkeen ideiak jaso eta eztabaidatzeko helbidea ere sortu dute. Honako hau: kontaktua@zibergara.net.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak